Hedoi Etxarte

Udako abestiak

2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizeko bost eta erdiak eta zuri-gorriz parrandatik datozenak eta lanera doazenak gurutzatzen hasi dira Iruñerriko kaleetan.

Halako batean, Frantziako Tourreko albistegi berezia entzun bitartean, urrutikoa dirudien baina duela oso gutxi gertatutako zerbait etorri zait gogora: 2021ean gertatu zen euskarazko musikaren haustura estetikoa. Besteak beste, hau etorri zen: Ibil Bediren bigarren diskoa, Chill Mafiaren aurrenekoa, J Martinaren zazpi singleak, Tatxersen aurreneko EPa, Diabolo Kiwiren bigarrena, Joseba Tapiaren Egon edo ez egon, Broken Brothersen Katebegia. Gerora etorriko ziren Merina Gris eta Nakar.

Ale horiek determinanteak izan ziren nahiz eta aste honetako Top Gaztea begiratzea besterik ez dagoen ikusteko intxaurrak beste batzuek jaso dituztela. Bitxia da, zentzu horretan, ziklo horrek ireki dituenez luze jardun duen foro ia bakarra Belarrijana podcastaren hamahirugarren atala izatea: eta Chill Mafia heldu zenean egurtu zuten berdinek egurtu dituzte.

Sanferminen bitartean, gauzak benetan txukun eta 2021eko aldaketa estetikoarekiko ongi integratuta gertatu da Bilboko BBK Live. Ez dakit aurten zenbat baina 2019an Bilboko Udalak 9 milioi oparitu zizkion jaialdi pribatuari. Oker ez banago, Birak ezingo du 40.000 eurorengatik orain arte bezala jarraitu urte oso batean programatzen.

Halakoetan Terry Eagletonen maximaz gogoratzen naiz: «Burgesiak asimilatu ezin duen gauza bakarra haren porrot politiko propioa da». Eta horregatik, biziki interesgarria da, berdin da makrojaialdiez ari garen ala uztailaren seian afixa politikoak Iruñeko Udaletxe Plazan sartu nahi zituztenak jipoitzen aritu ziren udaltzainez ala polizia nazionalez, ze toki betetzen duen gurean euskal aldagaiak: ea kontua den beste musika eszena bat osatzea prekaritaterik gabekoa ala, besterik gabe, euskaraz abestuko den prekaritate berekoa izan dadila; ea kontua den poliziarik gabeko Iruñea batez eztabaidatzea ala erakustea baietz, euskaldunak ere gai garela Europako edozein herri zibilizatu bezala, polizia izan eta jendea behar denean zelatatu, mehatxatu eta jipoitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.