Badira lan batzuk urtaro honi dagozkionak eta urtero errepikatzen direnak. Adibidez, aurten ere L-rekin pasatu dut joan den igandea hegaluzea potetan sartzen. Aurten A batu zaigu, eta hainbat hobe, orduak pasatu behar baitira «zain», eta gero eskuak ez baitaude sobera arraina poteratzeko. Nire lagun M-k tomatea jartzen du kontserban, eta asteburu batez, familia osoa joaten da Nafarroako Erriberara, amonaren jaioterrira, urte osorako ontziak prestatzera. Guk antzeko egiten dugu uda amaieran, urte osorako piper gorriak edukitzeko. Udan egin daitezkeen lanak, ez beste inoiz. Udan egiten diren lanak, gero urte osoan horren errentaz bizitzeko.
Gustagarria zait hegaluzearena, baina lan guztiak ez dira berdin, nahiz udako lan askok ere baduten sasoi horretan irabazitako sosak gainerako urtaroetan xahutzeko motibazioa. Goizero entzuten ditut, esaterako, udaleku irekietako hezitzaileak haurrei mugitzeko eskatuz, haurrei «loa-loea-loea-loa-mambooooo-mambooooo-epiepiepapao» kantatzen, haurrak semaforoetan gorrian pasatu ez daitezen estresatuta. Hezitzaile horiek, normalean, batxilergoko ikasleak izan ohi dira, dena gainditu badute, uda amaigabe horri probetxua atera nahi badiote dirua ere nonbaitetik lortu beharko dute eta. Helduagoak, unibertsitatean daudenak, udaleku itxietara joaten dira, eta itzultzen dira urte osorako sekulako nekearekin eta begiraleen artean kanpotik ulertezina den konplizitate batekin motxila beteta. Gaztea zarenean pagotxa irudituko zaizu hamar egunengatik 900 euro irabaztea, baina egiaz, zure lan horrek dezente gehiago balio du. Antzeko gertatzen da sasoiko beste lanekin ere. Supermerkatuan ordu luzeak egitea ez dagozkizun lanak egiten, eguzki galdatan flyerrak banatzen egotea eta ura edateko beldurra edukitzea arduradunak ez zaitzan ikusi, azpiordaindutako bekaldiak, modako musika jaialdietan lanean egotea miseria baten truke eta lanaldi gizagabeak egiten, edo hondartzetan jendearen bizitzaren arduraduna izatea baldintza negargarriak izan arren. Argi dago nagusiek badakitela nork behar dituen udako lanak, nork diru azkarra, nork duen zailtasuna sasoiz kanpo lana topatzeko. Eta baldintzak, hortaz, tomate kontserba egitearen erromantizismotik urrun daude oraingoz.