Enegarrenez hasi naiz korrika egiten. Urteak dira oinak astintzen ditudala, oraindik footing deitzen zitzaionetik, pentsa! Baina ez naiz bereziki diziplinatua, eta, gainera, neguko hotzak alfertu egiten nau. Beraz, hemen nator berriro udaberrituta, korrika egiteko zapatilei eta kamisetei hautsa kenduta. Noizbait kirol hori gustatu zaidala gogoratzeko edo, negu betean iristen zait opariren bat horrekin lotuta: mailak, entzungailu berriak, giltzak gordetzeko gerrikoa… Ohartu naiz, ordea, nire exijentzia eta oparien maila ere sofistikatuz joan dela azken urteetan: erloju espezializatua, hodei-zoladun oinetakoak edo Stravarako harpidetza mugagabea. Hori dena azaroan, berriro, guztia armairuan sartzeko. Hori guztia korrika 10 kilometro ere ez egiteko.
Autofikzioa dira opariak, baina ni ez nago fikziotik hain urrun. Hibernaziotik irten naizen aldi honetan, aurrekoetan ez bezala, hasi bainaiz jarraitzen korrikalari influencer-ak,eta garrantzia ematen nire errendimendua hobetzeari. Baina zer arraio! Noiztik hartu dut neure burua eliteko kirolaritzat, noiz hasi naiz produktibitatearen logiketatik begiratzen nire kirol jarduerari? Noiztik da ohikoa edonork maratoi bat korritzea? Duela urte batzuk lasterka eta izerdi apur bat egitearekin gustura nintzen. Orain, dortoka bat sentitzen naiz albotik ziztu bizian pasatzen nauten erbien alboan. Galtzerdi teknikoak belaunetaraino jarrita, eta pultsometroarekin bihotz taupaden jarraipena egiten etengabe. Gaur zure zein estadiotan egin duzu korrika? Eta nik erantzun, bian ari nintzelakoan ia nire topea eman dudala. Orain jendeak fartlek-aegiten du. Eta ni, akonplejatuta, kilometroa sei minutu eta erdian egitea pasada bat iruditzen zaidalako.
Gogoratzen naiz mugitzeko, ongi pasatzeko eta burutik pentsamenduak kentzeko korrika egiten nuen garai hartaz. Orain ultrafondista izatera jokatzen dugu denok. Estresatuta noa, eta ezin dut sinetsi gainontzekoak lasai-lasai eta ongi pasatzera bakarrik doazenik, ezpada kapitalismoak ere harrapatu gaituela lasterketa honetan, erritmoan, gailuen teknifikazioan eta gorputz inposibleetan, esate baterako.