
LARREPETIT
Urtarrilean
Urteak dira urtarrilak Bilbon harrapatzen gaituela. Batzuetan, alderdi politiko asko egoten dira manifestaziorako deialdian; batzuetan. Gehienentzat, konplikatua omen da euskal preso politikoen giza eskubideen alde agertzea. Nola prentsan, telebistan zein irratian kriminalizatu baino ez dituzten egin, orain zaila egiten zaie, urtean behin bada ere, preso daudenak gizakiak direla onartzea. Tolerantziaren izenean boterea hartu dutenek lanik gabe dagoena izorra dadin eta presoak kartzelan ustel daitezen nahi dute. Eta bitartean, hor gabiltza gu kilometroak biltzen. Orain presoen sakabanaketaren kontra omen dauden asko, lehen alde egon ziren. Erraza da besteei eskatzea egin dutena gaizki dagoela onar dezaten, norberak ez duenean onartu nahi berak egindako hura. Sakabanaketa zuk ere bultzatu egin zenuela onartzen ez baduzu, ez daukazu oker egon zinela onartu beharrik. Eta guk, egindakoa zergatik egin genuen onartzea baino beste bekaturik egin ez dugunok, bueltaka jarraitzen dugu. Bihar, zerbait lehertuko zait barruan hainbeste hutsune zenbatuta; baina barre ere egingo dut kartzeletako bisitetan ezagutu dudan jendearekin topo egitean. Irribarrez pentsatuko dut esperpentuzko egoerak bizi izan ditudala preso ditudan lagunengatik: eurengatik eta eurekin. Bihar, milaka lagun elkartuko gara Bilbon. Maite ditugulako. Etxean nahi ditugulako: bizirik. Halako pertsonak maite daitezkeenik ere, ez dute sinetsi nahi zenbaitek. Bada, gehiago ere esango nuke: ez ditut kartzeletako funtzionarioak egundo gorrotatu, eurek ni gorrotatu izan nauten beste. Gorrotoa baita lokutorioetako kristalak garbitu ere ez egitea edo bisitak legez dagozkizula jakinda ere, trabak jartzea. Nirea, gurea, maitasuna da. Preso lagunak, ezagutzen ez ditudanak, denak: euren etxeetan nahi ditut. Eta hori hala ezden artean, kilometroak zenbatzen jarraitzeko prest nago: ilargiraino eta buelta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu