Begietatik usaindu daitekeen bezala ikus daiteke sudurretik. Izan daitezkeelako bi zulotxo, bi begi. Izan daitezkeelako bihotz, izan oroimen. Ez baita besterik sudurra, sentimenduen kanpoko akuilu bat baino. Behar lukeen arren batak geroaren zulo, eta besteak iraganaren, bigarrenak lehena konbentzitu eta bi zulotxoak bilakatu ziren iragan.
Umezaroaren aztarna biziena izan daiteke usaimena. Urteak igarota, umetan astebururo eramaten zintuzten amaren, aitaren, baserri zaharrera itzultzen zarenean, pasilloko egurren usainak oroitarazten baitizkizu lehengusuekin logelaz logela ezkutaketan aritzen zineneko iluntzeak.
Desamodioak duen lagunik eta gorrotagarriena izatera irits daiteke usaimena. Maletan sartzea ahaztu zitzaion kamiseta itzultzeko ausardiarik ez izanak, kondenatu baitzaitzake zauria ez ixtera. Usain egiten diozun bakoitzean zure ondoan eserita sentitzen duzu, eta entzuten nola esaten dizun maite zaitut. Bustitzen dizkizu begiak, irekitzen zauria, baina ez duzu kamiseta itzultzeko ausardiarik.
Heriok, sega bizkarrean, gorroto du usaimena. Bizi ematen baitie berak lapurtutako arimei. Bi izaten dira heriotzaren osteko minik minenak. Bata gorpuari lur ematen zaion, edo errautsak zabaltzen direna. Zendutakoaren armairua husten den unea bestea. Azkena, heriotzaren aurrean amore ematea iruditzen delako, joandakoari itzultzeko aukera ukatzea iruditzen delako. Bada pertxan zendutakoaren janzkirik uzten duenik. Zauria josi nahi ez duenik. Mingarria bezain ederra baita haren logelara itzuli, armairua zabaldu, eta bere usaina sumatzea. Bada armairua erabat husten duenik, baina ataria zabaltzen duen aldiro usainak joandakoa gorpuzten dio.
Sudurrak betetzen dizkizu begiak malkoz, begiak irudiz. Eta belarriak hitzez, haren hitzez. Mingarria bezain ederra baita.
Larrepetit
Usaintzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu