Ander Perez Argote

Uztaileko elurra

2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Garai batean, arima oro desagertu arte husten zen Iruñea sanferminen ostean. Tabernak itxi eta oporretan gaude kartela jartzen zuten saltokiek ateetan, eta bazkalosteko isiltasunean, ia-ia, ondoko bizilagunaren zurrungak entzuterik izaten zen, euli bakanen batek bakarrik oztopatutako siestaren erdian. Iruindarrak topatzeko, Mediterraneoko kostalde eta Pirinioetako kanpinetara joan beharra zegoen. Meloia hartzen zuten postrerako, eta lo-kuluxkaren ostean, Indurain, Indurain ozenen kantatzen zutenak zirelako topa zenezakeen haien partzela. Gurasoek patxarana hartzen zuten mahaiaren bueltan, pasa berriko sanferminetako azken istilu politikoak komentatzen, eta, bitartean, munduko zazpi familien kartetan ibiltzen ginen umeak: bantuak, tiroldarrak, mexikarrak.... Iluntzean, ekaitza zetorrenean, toldoen azpian hartzen zenuten aterpe, eta orduan, zerua gainera nola erortzen zen begira, norbaiti entzuten zenioten kontatzen behin, uztailean, Iruñean elurra egin zuenekoa. 

Udako mitologiaren parte da, aspaldi zure egungo errealitatean ematen ez dena, eta, hala ere, behin konfiguratu eta betiko erabilgarri zaizuna udara azaltzeko. Kontatzen ez digutena da: nola zahartu ahala, eraldatzen joaten zaigun gorputza, eransten goazen pentsamendu berriak, pilatzen ditugun ikasketak eta agertzen eta desagertzen zaizkigu maite ditugun pertsonak; eta, halere, nola mantentzen den barruan izaki bat, lehengo bera, bere poz, beldur, eta genealogiarekin. 

Egiatan, ez dakizu inoiz elurrik egin duen uztailean. Galdetu zenezake, edo hemerotekak kontsultatu. Baina ez duzu behar. Atzera begiratu eta pasa zaizkizun guztiak gaur egun zer liratekeen pentsatzea bezala litzateke, alfer-alferrikakoa. Garai bateko egiak dira, sakonean gezurrak agian, baina ibiltzeko balio dizutenak, hurrengoan, udako ekaitza lehertzen denean, munduko toki hori zurea dela gogorarazteko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.