Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Vals VI: Oso indartsua da

2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Karl Marxek, Friedrich Engelsek eta Jenny von Westphalenek idatzi zuten Manifestu komunista. Roque Daltonek poema bat dauka Karl Marx izenekoa eta bertan aipatzen dira «Westfaliako Jennyren esne-itxurako besarkadak». Baina Westphalenek ez zeuzkan esne-itxurako besarkadak soilik, Manifestu komunistaren eskuizkribua galdu bazen ere, zirriborro baten orri bat iritsi da gaur egunera: lehenengo bi lerroak Westphalenek idatzi zituen.

Manifestuaren hasierako baliabide politiko eta literarioa ezaguna da: «Orain arteko gizarte osoaren historia klase arteko borrokaren historia besterik ez da izan». Gero bada esaldi hondar bat itsusia dena eta egongo ez balitz egitea nahiago izaten da, edo azkar irakurri: «gerra hau beti gizarte osoaren aldakuntza iraultzailearekin amaitzen zen, edo, bestela, borrokan ziharduten bi klaseen birrintzean». Kontrarioen birrintzeari buruz hitz egiten dute boladan dauden León Benavente taldekoen bi kantek: Todos contra todos eta Muy fuerte. Lehenengo kantuaren izenburuko hitzekin amaitzen zuen Eskorbutok bere 1986ko Anti todo abestia. Bigarrena vals bat da. Esan izan da pop-rockaren bertuteetako bat sintesia izan dela, tamalez genero honek oso erritmo hirutar gutxi jorratu izan ditu. Muy fuertek hitz egiten du norbaiten kaka irentsi eta gero egin dezakezunaz: irribarre egin, disfrutatu edo bestea larrutu.

Ez daude aukera askoz gehiago maitasunean, bizikidetzan eta eraldaketa sozialean: Manifestuaren biak, Muy fuerteren hirurak. Halere, egiari fidel, urgentziaz behar dugu Manifestuaren autoretza kolektiboaren lekukotasuna erakutsiko duen ale bat: Manifest der Kommunistischen Partei Westphalen, Marx &Engels. Azal bat nahikoa izan daiteke hasieran, aurreko edizioak estaltzeko. Gero eguneratuko ditugu hitzaurreak eta oharrak. Azalak jarraitzen du funtsezkoena izaten, zorionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.