Marotok esan du etorkin batzuk batez ere laguntza sozialetatik bizi direla. Jendeak «arrazista» eta «faxista» esan dio Marotori. Ez dira zientzia politikoak ikasi behar jakiteko Maroto ez dela faxista bat eta bere arrazakeria pobrearenganakoa dela. Manifestu bat ere egin dute hiri ireki, solidario eta aniztasunarekin adeitsua aldarrikatzen duena. Bereziki atentzioa deitzeko modukoa da tolerantziaren aldeko testu hori Blanca Urgellek ere sinatu ahal izan duela.
Urgell sufragio unibertsalik gabe hautatutako Eusko Legebiltzarreko legealdian izan zen Kultura Sailburua. 1978ko erregimenaren kapritxoei esker, inork bozkatu gabe izan zen hautatua «independente» gisa. Bere jarduna, ordea, oso izan zen menpekoa. Patxi Lopezen murrizketa sozialetan parte hartu zuen «krisia zela eta». Garai hartan milioiak ordaindu zituen PSOEren gobernuak Libian zibilak hegazkinetik hil zitzaten. Hiritarron diruarekin bankuak erreskatatu zituzten. Hartu zuen neurriokiko inolako distantziarik?
PPk arrazakeriaren ariketa estetikoa antzeztu nahi du. Berdina da estetikoa PSOE edota EAJkoen tolerantziaren aldeko hitza. Migrazio politika berdinak egin dituzte sozialdemokratek eta kontserbadoreek Europan, ekonomia politiko bera defendatzen dutelako.
1975ean vals folky bat konposatu zuten Stormy Six italiarrek Stalingradoko batailari buruz. Bataila hura ez zen izan errusiarren eta alemanen arteko bataila bat. Sozialismoaren eta basakeriaren artekoa izan zen —termino klasikoetan esatearren—. Gasteizko bataila ere ez da kasta tolerantearen eta kasta arrazisten artean gertatuko. Azken 35 urteotako laguntza sozial miserableen dinamika alboratzeko ezinbestekoa da politika horiek praktikatu dituen ehiza txakur saldoak politikatik alde egitea aljeriarren, marokoarren, euskaldunen, espainiarren eta errumaniarren onerako.

LARREPETIT
Vals XII: Tolerantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu