Hedoi Etxarte

Varsoviako ghettotik Gazako zerrendara

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Aritmetika munstro bat da, urrun daudenak gerturatzen ditu. Palestinako kolonia sionistaren armadak, hilabete batean Gazan hil dituen milaka zibil palestinarrak erritmo berean hiltzen jarraituz gero, Alemaniako armadak II. Mundu Gerran Varsoviako ghettoan hil zituen 400.000 juduen kopurua berdinduko du. Varsoviako ghettoa ez da edozer sarraskiaren, erresistentziaren, kolaborazioaren, iraultzaren eta juduen historian. Varsoviako ghettoarekin naziek 1943ra arte egindakoa eta sionistak Gazarekin 2023an egiten ari direna, ordea, ez da kasualitate hutsa, eta baditu ontzi komunikatuak, gainera.

Adolf Eichmannen kontrako epaiketan nabarmen geratu zen (Hannah Arendt Mendebaldeko pentsalari kuttun izatetik menostera pasa ziren hedabideak): naziek juduak ezereztu aurretik, juduak Alemaniatik alde egitera adoretu zituzten. Eichmann bera migrazioaz arduratu zen eta amaiera-amaieran soilik dedikatu zen juduak masiboki hilko zituen makina martxan jartzera. Orain «zoazte Gaza hegoaldera» zena, lehenago «zoazte ghettora» izan zen.

Ezin dugu jakin, Varsoviako ghettoan armak hartu eta naziei aurre egin, bizirik segi eta II. Mundu Gerraren ostean Israelera bizitzera joan ziren borrokalari haiek (Zibia Lubetkin, Yitzak Zuckerman) zer esango zuten gaur egun. Baina garbi dago Israelen fundaziotik badela ondoez bat Varsoviako ghettoarekin eta hango altxamenduarekin. Marek Edelman, errebolta hartako buru izan zena, ez zen sionista inoiz izan, judu marxista asko bezala. Are gehiago, ghettoko bizitzaz dakigun guztia Oyneg Shabbos historialari talde marxistak zuzenean jaso zuenetik dakigu. Eta zaila da Emmanuel Ringelblum irakurrita ez egitea ghettoko autoritate juduen eta gaur egungo Palestinako Aginte Nazionalaren arteko amalgama: zapaltzailearekin hamarkadetako paktuek nora eraman zituzten orduko Europako juduak, eta nora egungo palestinarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.