Blanca Urgell

Xofiatik Haxkora

2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Euskaltzaindiak EODAn 158 izen hipokoristiko bildu ditu emakumezkoentzat, ia ehuneko ehunean palataldutakoak, Xofia, Tomaxa, Mattina eta Mañoli bezalakoak, edota laburtutakoak (Axun, Katti, Maika, Xorkun...); dena dela, tarteka lekua egin die baita atzizkidunei ere: Argitxu, Arritxu, Bakartxo, Karmentxu, Laidatxu, Natitxu, Maritxu, Malentxo-eta. Polita da -txo/-txu dantza hori, zeresanik baleukakeena, baina tartean nahi nuenaren adibide bakarra topatu dut: Totakoxe galanta, Refranes y Sentencias-en gordea (1596), Ramiro Pinillak eleberrian berpiztua eta, ezustean, Linkedineko profil nafar batean agertu zaidana.

Mikel Martínez Areta lankidearen lanetako batetik Jo(h)ango (1470, Zizurkil-Aduna) eta Johangoxe (Deba, 1482) bildu ditut; baita Mariko (1366, Orbaizeta) eta Mariako (1529, Elizondo), Martingo (1366) eta Marticot (c. 1625, Hondarribia), Petriko (1428, Lerga) eta Peruko (1366) ere.

Izen horiek hibridoak dira: badute kristautik, bistan da, baina badute baita akitaniar edo baskoitik atzean daramaten atzizkian: Andrecco ‘Anderetxo’, Attacco ‘Aitatxo’, Belexco ‘Beltxo’, Laurco ‘Lau(garren)txo’, Sembecco ‘Semetxo’, Bonco ‘Ontxo’, etab. (itzulpenak hipotesi dira).

Ez dakit esaten noiz, baina noizbait -ko atzizkiak galdu zuen lehengo emankortasuna: fosildurik dago, harri eta pergaminoetan izozturik. Non eta ipuinetan bakarrik iraun du bizirik: hortxe ditugu Astoko, Otsoko, Mandoko eta Beleko, bai Axelko ederra, baita Jon Mentxakatorreri esker ikasi berri dudan Haxko ere, hartzaren (edo basajaunaren) eta emakumearen semeari deritzana.

Ipuinak hagitz gauza serioak dira, izan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.