Ez zen mundua bukatu. Baina bukatzera balihoa bezalaxe ari gara. Zakua goraino betetzen. Langostinoak. Patea. Xanpaina. Kokotxak. Entrekota. Ardoa. Turroia. Polboroiak. Ginkasa. Urdaiazpikoa. Kroketak. Orujoa. Bonboiak. Gabonetan, gau txarrak ere ohikoak dira. Betekadarekin sofatik mugitu ezinik geratzea, alegia.
Eskerrak ez garela Japonian bizi! Ezingo genuke nahi beste jan. Izan ere, japoniarrak derrigortuta daude gerri buelta fina izatera. Gerria neurtzen diete, urtero. Lantokian. Gizentzen ari direnek hiru hilabeteko epea dute argaltzeko. Gizonezkoek 85 zentimetrokoa izan dezakete gehienez. Emakumeek 90. Lortzen ez badute, dieta egitera derrigortzen dituzte.
Inuzente eguneko broma dirudi. Gobernuak jarri zuen legea, herritarren osasuna zaintzeko. Langile gizenak dituzten lantegien jabeek zerga gehiago ordaindu behar dituzte. Horregatik, beraiek dira langileei presioa egiten dietenak. Enpresa handietan, opariak egiten hasi dira: bidaiak, etxetresnak… argaltzen dutenentzat. Dietetika zentroak aberasten ari dira.
Hemen, berriz, Olentzero bera da ardoa edan eta kapoiak jaten dituena. Arrautzatxoekin, meriendatzeko. Hori bai, guri ere «itzulera operazio espresa» egitea proposatuko digute, urtarrilean. Sobran ditugun kiloak di-da kentzeko. «Bi astean eta modu arduratsuan». Batez ere hori, modu arduratsuan.
Gero eta dieta azkar gehiago dauzkagu aukeran. Hamaika pilula magiko. Estatu Batuetan modan jarri den azkena: hamar egunez zunda bidez elikatzea. Eta jatearen plazera zer? Drew Ramsey psikiatrak «zoriontasunaren dieta» proposatzen du: energia eta umore ona ematen duten elikagaiak jatea. Arrautzak. Ogia. Eta light ez diren produktuak.
Olentzero ez dabil hain oker. Astebetez tipula zopa jaten egonez gero, depresioak jo gaitzake.

Larrepetit
Zakua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu