Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zapi berdeak

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Joan den ekainean, hogei ordu luzeko eztabaidaren ostean, Argentinako Diputatuen Ganberak abortua ahalbidetzeko bidea zabaldu zuen. Orain, senatuaren berrespena behar da, eta hasi dira eztabaidak horren inguruan.

Bitartean, Argentinako kaleetan zapi berdeak ikus litezke han eta hemen. Argentinako Doan eta Legezko Abortu Segurua kanpainako kideek 65.000 zapi banatu zituzten aldekotasuna agertzeko. Kontua da zapi berdeak daramatzaten emakumeen aurkako erasoak areagotu egin direla. Abortuaren kontra daudenek Mafaldaren irudia erabili dute, eta sortzaileak, Quino marrazkilariak, argi erantzun du: Mafalda beti paratuko da emakumeen eskubideen alde. Oihal berde sinple batek gizon askok barruan daramaten munstroak askatu ditu. Mumala talde feministako Natalia Monteroren etxearen kontra harrika aritu ziren balkoian zapi berdea zuelako. Zapi berdedun emakume baten gainera ura bota zuen tapaki beltza zuen emakume batek. Buenos Airesen zapi berdea zeraman irakaslea lana uztera derrigortu zuten. Mendoza hirian bizkar-zorroan zapia zeraman hogei urteko emakumeak kolpeak jaso zituen. «Hiltzaile, genozida, nazi» eta jakina, «puta» hitzak darabiltzate emakumeon kontra. Sarean dauden bideoak beldurgarriak dira. «Abortatu nahi duzue? Ez ezazue txortan egin, puta halakoak! Hau Argentina da». «Zapi honek puta hiltzaileak identifikatzen ditu, ikusten dituzunean bortxa ditzakezue eta umedun utzi, azkenean gero abortatuko dute, ez dago eurengan dramarik». Edota «Arerioak dira, niretzat eurak ez dute generorik». Sarera jauzi egiten baduzu, bitxikeria xarmagarriekin egingo duzu topo.

Badirudi batzuk erosoago biziko liratekeela Margaret Atwood-ek irudikatutako Gilead-eko errepublikan. Tolerantzia eta errespetua erreza dira aldeko eta ados zaudenean, hor, baina, zer dago? Kontrakoan erakusten da tolerantzia eta errespetua. Eta honetan, makal gabiltza sarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.