Larrepetit

Zarata museoan

UXUE APAOLAZA
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Paseatzeko gustukoen ditudan lekuak museoak dira, eta gehiago munduak gogaitzen nauenetan, iraganera De Loreana bat baino tunel seguruagoak izanik gainera, iraganaren produkzio selekzionatuaren gordailu. Pradora joanik, katedran baten goranzko tendentzia sartzen zait biriketan, eta tarteka minueto bat dantzatuko nuke. Sorollarenarenean, bere etxea zena, poz burges arin batez irteten naiz, hondartzan pasatako familia egunek uzten zutena, hemeretzigarreneko nire imajinazioan. Gaur asko oporretan izango denez, eta ni ez, utziko didazue haserrealditxo bat izaten.

Erromantizismoaren museora joan nintzenean arrazoi nagusia hemezortzigarreneko oheetan saltoka hasiko ginen beldurrez-edo motxilatzat eraman genituen begiratzaileak izan ziren; bazen talde gidatu bat ere, baina museoa etxe bat denez, gelaz gela ezkuta gintezkeen kontratatu gabeko klaserik ez jasotzeko (joan aurretik barre egin genion Internetez arte dekoratiboen museora zaintza zela eta itzuliko ez zela idatzi zuen bati).

Kataluniako arte erromanikoaren inguruko erakusketatik bigarren solairua ikusi gabe alde egin genuen, gida baten inguruan sekulako taldeak gutxienez hiru obra ikustea eragozten zigunez, eta jende kopurua zela eta, azalpenak oihuka emanak zirenez gainera.

Azkena Bilbora joan nintzen Arte Eder museoko erakusketara, Erdi Aroan emakumea irudikatzeko/interpretatzeko moduei buruzkoa; lau areto komunikatu, eta sartu orduko lehen talde gidatua gida funsgabeki oihulariz, aretoz aldatu eta baxuago ari zen bigarren bat, hirugarrenean euskarazkoarekin topo egin genuen begiratzaile batek telefonoz arizen neska bat kaleratzen zuen bitartean.

Ulertzen dut gidaturik doazenak hartarako gehiago ordaindu dutela, baina kontua da nik ez dudala dagokidana baino gutxiago pagatu, eta ez lukeela nire iraganera bidaiak institutura itzulera bat izan behar. Gutxienez abisatu, «une honetan erakusketako kutsadura akustikoak ikuslearen sentsibilitatea zauri dezake, edo umetu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.