Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Zebrabidean

2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Zebrabidearen ertzean ere eztabaida: geratu egiten naiz. Autoa zebrabideraino iritsi eta erabat gelditu arte, ez naiz ni abiatzen bidea gurutzatzera. Ez da kortesia kontu bat. Segurtasun kontua baizik. Ez du ezertarako balio «zebrabidean gurutzatzeko eskubidea zuena» bihurtzeak, geratu ez den txoferren batek ipurdiz gora bota eta eskubiderik gabe utziz gero. Berak esaten du nire moduko oinezkoek lana zailtzen diegula auto-gidariei. Zuk, pausoa aurrera egiten baduzu, azkar ulertuko duela autokoak, bazoazela, eta berari geratzea dagokiola. Ertzean geldituz gero, berriz, kezka izango duela bolantean doanak bidearen bestaldera joateko asmoa ote duzun edo han geratu zaren, gurutzatzeko intentziorik gabe. (Bide batez, eta berak entzuten ez duenez, herriko hamaika txoko, ertz, toki, plaza, zubi, aulki, atari, aldapa eta kantoi bururatzen zaizkit atsedenalditxo bat hartzeko, baina ezin dut nire burua imajinatu —ezta beste inorena ere— pasozebra baten parean, erdi-erdian, geratuta, besterik gabe, geratzeko toki egokia irudituta). Defendatzen du autoan doanak pasatzeko intentzioa ikusi egin behar dizula, geratuko bada. Bestela, ez duela zertan.

Intentzioa ikustea lortuko balitz, auto gidari bat baino gehiago kieto geratuko litzateke. Ze niri, zebrabideari begira, lerro zurien gainetik saltoka pasatzeko gogoa sortzen zait oraindik. Lerro beltzak ukitu gabe. Eta asmatzen ditut oraindik, lerro zuriz zuri bestalderaino iristea lortuz gero hainbat sari. Eta zigorrik ez inoiz, nahigabe beltza ukituz gero.

Ez dut pentsatu ere egin nahi zebrabideko pasadizoa eztabaida bihurtzeko gaitasuna duen horrek zer pentsatukoote lukeen bat-batean,autoa geratutakoan, eskuineko hankaz, saltoka, lerro zuriz zuri bestaldera iristen ikusiko banindu. Ez! Ezker hankaz! Zailagoa da-eta niretzat! Meritua ere doblekoa, lortuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.