Sanferminetako ekuatorea da. Testu hau argitaratzerako, 24 zezen hil dituzte, ongi sufriarazi ostean, eta bidean dira beste sei, gaur bertan hilko direnak. Ez dira iaz baino gehiago, ez dago argudio berririk zezenketak amaitu nahi dituztenentzat. Baina betiko gauza dela esatea ere ez da aski, eztabaidari heldu nahi ez izateko. Eta susmoa da Iruñean, urtetik urtera, zabaltzen doala zezenen inguruko eztabaida. Poliki, nahi baino askoz polikiago askorentzat. Nahi baino azkarrago beste batzuentzat.
Hirian ez zarete gutxi entzierroen eta zezenketen arteko ezberdintasuna egiten duzuenok. Azalean itsatsita daramazuen kontraesana da, txikitan telebistan entzierroa ikusteko esnatzen zintuztenetik. Hamaika aldiz gosaldu dituzue txurroak txokolatearekin, plazan entzierroaren bukaera ikusi ostean, eta memoriaz ikasi dituzue aurreko eta osteko iragarkiak, zainzuriak, koltxoiak, Pamplonica txorizoa. Zuen kontraesana zuritzeko modu bat izan daiteke, ados, baina marra jartzen duzue zezena korrika aterarazi eta plazan hiltzearen artean. Eta kontu estrategiko bat dela ere sinetsita zaudete: zezenen erabilera erabat desagertzea zaila bada, has gaitezen lazgarrienetik, eta arinena mantendu. Eta gero gerokoak.
Auzi konplexu guztietan bezala, eztabaidarako disposizioa da gakoa. Norbere kontraesanak azaltzeko prest egotea, eta zertan amore eman dezakeen hausnartzea. Neoliberalismoaren garaian, askatasun indibidualen kontzeptua maltzurki bihurritzen den garaiotan, erronka konplexua du zezenketen aurkako mugimenduak: erakustea hau ez dela gustatu edo ez gustatu, «ez bazaizu gustatzen ez joan baina besteei joaten utzi», gizarte gisara interpelatzen gaituen kontua baizik.
Baina ez du balio zezenketen aldekoen esentzialismo merkeak ere, zezenik gabe Iruñeko sanferminak ez liratekeela ulertuko esateak. Egun, milaka gara hirian sanferminak zezenketei jaramonik egin gabe gozatzen eta maitatzen ditugunak. Beraz, posible, izan bada.