Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zibilizazioa

2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun 78 urte sobietar tropek Auschwitz askatu zutela. Eta urtero legez, orduan ume eta orain zahar direnen ahotsa entzun da, urragarri: «Haurrak baino ez gara. Zergatik gaude hemen? Etxera itzuli nahi dugu. Jagoleak barre egiten zuen, eta zioskun: ikusten tximinia horiek? Hortik baino ezin da atera hemendik».

Primo Levi italiar idazlearen Hau gizon bat bada zabaldu dut. Ilbeltzaren 27a ez zen batere egun epikoa gertatu Auschwitz Monowitzen: «Bizidunok zorrotzagoak gara; hildakoek itxaron dezakete. Egunero gisa, lanari ekin genion. Charlesek eta biok Somogyi adiskidea handik hurre generamala iritsi ziren errusiarrak. Oso arina zen. Elur grisaren gainean irauli genuen angarila. Charlesek kapelua erantzi zuen. Ni damu nintzen ez neukalako».

Bederatzi egun lehenago, sobietarrak dinbi-danbaka, alemanek presaka utzi zuten lagerra. Hezur eta azal direnek biltegiak lehertzen dituzte janari bila. Ez da bozkario oihurik, ez festa kanturik. Dorreetan guardiarik ez egonagatik, inor ez da kanpora ausartzen. Berogailuak piztuta edukitzea da ardura nagusia. Patatak egosten dituzte. Barrakoia barrutik nola trankatu zuten kontatzen du Levik, erizaindegikoak sar ez zekizkien. Difteriaren beldurrez, kamainetan etzanda ematen dituzte egunak. Horrelakoxe euforiaz ospatu zuten askatasuna.

Aurten, atzera ere, orduko gertaerekin zerikusirik ez duten gobernuak agertu dira argazkian, «Sekula gehiago ez» aldarrikatzeko. Errusia baztertu dute, «ez dira mundu zibilizatuaren parte»; orduko eta gaurko beste borrero eta colabo asko, aldiz, bertan izan dira. Israelen gizatasuna ezin liteke zalantzan jar. Eta beste behin, galdu egin da Levik Holokaustoaz ematen digun dimentsio humanoa, geopolitika estrategikoaren faboretan.

Eta nago galdetu beharko geniokeela geure buruari bietatik zein den baliagarriagoa zibilizazioa ulertzeko, baten lekukotza ala besteen argazkia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.