Hedoi Etxarte

Ziri gorria I

2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Artista batzuen obra batek belaunaldi osoak baldintzatzen ditu. Hainbeste mimetiza dezake ekintzarako bulkada bat, zain politiko bat, artelana inkorporatzen dela iruditeria publiko eta intimora lan herrikoi bat balitz bezala, ordura arte sortua ez bazen ere betidanik bertan egon den zerbait bezala. XX. mendeak eman zuen adibide nabarmenetako bat da El Lisitskiren Jo zuriak ziri gorriarekin!

Piezak ez du aurkezpenik behar: ezkerrean atzeko aldea zuria da, eskuinean beltza, beltzaren atal batean zirkulu zuri bat sartu da, etsaiaren konkista bat bezala eta zirkulu zuriari erasotzen dio hiruki isoszele gorriak.

Bizitza mordoa izan ditu ondoren ziri gorriak: erakunde iraultzaileen logotipoak oinarritu dira, kanpaina politikoetarako motiboa izan da, artista iraultzaileak, gaur egunera arte, zeharo baldintzatuta geratu dira pieza konstruktibistarekin. Beraz bai, badu zerbait berezkoa, nahiz eta arte kritika materialista batek esatea debekatzen digun.

El Lisitski 1890ean jaio zen eta, hasieran, lan abstraktuen bideari jarraitu zion arren, gerora diseinurantz lerratu zen. Lisitskiren grina zeharo utilitarista zen, hark asmatu omen zuen, margogintzari lotuta, arkitektoniko hitza.

1909ko lege antisemitengatik San Petersburgoko Arte Ederren Akademiara sartzea debekatu zioten eta Alemaniara ihes egin zuen arkitektura ikasketak egitera Darmstadten. Hortik aurrera, ez zuen bere burua artistatzat izango, bera «eraikitzaile» bat zen, lan egiten zuen koloreekin, formekin, irudiekin. Europa mendebaldean erbesteratua zegoenean hasi zen Europa ekialdeko juduen herentziaren kontziente izaten eta Kandinski eta Chagall bezalako erbesteratuekin itzuli zen Moskura. Hara bere estrategia: eremu guztietan, norabide guztietan, aldi berean egitea aurrera. Arkitektura landu zuen futurismotik, berpizkunde kultural juduaren partaide izan zen. Guztiak Chagallen bidetik zeraman, baina, 1919an, Malevitx ezagutu zuen eta horrek dena aldatuko zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.