Zihara Enbeita.
Larrepetit

Zirkuko zirkua

2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Umetan joan nintzen azkenengoz zirkura eta ordukoak ziren nire erreferentziak, eta ez daukat aparteko oroitzapenik egia esan. Ez dut inoiz gehiegi estimatu izan. Hala ere, ez galdetu zergatik baina asteon gure auzoaren jabe egin den karpa barruraino sartu naiz berriro ere, etxeko txikiek zelan edo halan behartuta, eta neure burua han ikusteaz lotsatuta. Palomita eta koloretako laino saltzaileen artetik azkar pasatu naiz eta pistatik ez hurbilegi eta ez urrunegi hartu dugu lekua. Ezer baino lehen argi utzi diet ondokoei diru barik nagoela eta datozen ordu bietan eskainiko dizkienetatik ezin dugula ezer erosi. Ez argia ematen duen ezpatarik, ez spidermanekin argazkirik.

Irudi digitalek eta euskarazko berbek eman digute ongietorria eta harritu naiz, gauzak asko aldatu diren sentsazioa izan dut; baina gutxi iraun du aldaketak, azala ez baitator bat mamiarekin. Eta ez da izan langileek dirua lortzeko erabiltzen dituzten milaka trikimailuengatik (zahar bezain berriak), ezta ere akrobazia eta malabarek ezer berririk eskaintzen ez dutelako (hala ere, zin dagit harrapatu nauten bakarrik izan direla). Transmititzen dituzten balioak dira aldatu ez direnak (balioak diren zalantzan nago), gaur egunekoak ez direnak edota izan behar ez luketenak. Mutil elegantea gurtzen duten emakumezko floreroak, txiste homofobikoak, amaginerraren inguruko txisteak... Eta ingurukoen barre algarek ez didate grazia handiegirik egin. Zirkuan debekatutako animaliek baino tratu txarragoa jaso dugulako emakumeok, homosexualek, eta inork zirkinik ere ez. Argazkia ateratzeko atsedenaldian atera duten lehoiaren pare sentitu naiz. Zirkuko zirkuan harrapatuta.

Eskerrak alaba txikia ikaratu duten pailazoek, eta denbora baino lehenago utzi dudan karpa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.