Blanca Urgell
LARREPETIT

Zoaz bakean

2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Herenegun ez nuen Espainiako lehendakarigai bien eztabaida ikusi. Familiako kontuetan korapilatu nintzen: alabak hau, semeak bestea. Bulebarrean bukatu nuen erosketak egiten, eta hantxe zegoen le tout Gasteiz, aldraka. Beharbada ez debatetik ihesi («ze debate?»), aire girotuaren bila baizik.

Gauean txioek kontatzen zuten filmaren arabera, asmatu nuen landareak ureztatzeko zeraren ahoan jartzeko zera eta loreontzietako lurra maneiatzeko palatxoa erostera joaten. Aurten ere ez dut orturik, loreak besterik ez, baina datorren urtean baietz. Tomateak oraindik ez nituzke, baina kuiatxoak dezente (txingorrak mailatuko ez balitu).

Txikitan derrigor aitortu behar izaten ginen aldian-aldian, eta guk astebetean bekatu gehiago egiteko astirik ez, zerbait esan behar, eta hauxe beti: «Ez diet gurasoei obeditu, gezurra esan dut, nire anaiatxoarekin liskarrean aritu naiz». Zein ere zen bestaldean zegoen apaiza, izan ikastetxera etortzen zena, izan Desamparadosekoa, izan Carmengoa, izan behin etorri ziren misiolari ihar haietako bat, sekula ez zidaten galdetu zertan ez nien obeditu, ze gezur esan nuen, anaia eta biok mutur-joka hasi ginen ala ez. Apaiz haiei bost axola zitzaizkien umeon kontu haiek.

Pentsatu dut gezurrak, Elizak bezala larri eta arinetan banatu beharrean, iraganekoak eta etorkizunekoak bereizi behar ditugula. Datorren urtean barazkirik nik? Bai zera. Ezkerrak kanpainan agindutako guztiak bete? Bai zera. Haatik, etorkizunekoak ez dira gezurrak. Oraindik. Ostera, iraganekoak gezur dira ahotik irten orduko. Gezur arinak, gezur larriak, gezur barkaezinak. Hainbat sailkapen bururatzen zaizkit niri gaur.

Atzoko debatearen ondoren Feijoo irudikatu dut belaunikoAlmudenako aitorleku bateko zursarearen aurrean burumakur, «ez diet gurasoei obeditu, gezurra esan dut, nire anaiatxoarekin liskarrean aritu naiz» esaten. Apaizaren ahotsa entzungo zen ondotik: «Aitagure bat eta bi abemaria. Zoaz bakean, seme».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.