Julio Soto.
LARREPETIT

Zorionak zuei

2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaurko egunez jaio ez banintzen ere, gaurkoa omen da nire eguna. Esklusibokinirea. Ziurrenik, pozik eta eskerturik sentitu behar nuke egiten didazuen omenalditxo honengatik, baina sentitzen dut, nazkatua nago zuen itxurakeriarekin. Gainera, egutegian egun gorriak hildako pertsonei eskaintzen zaizkie, eta askok hilda ikusi nahi nauen bezala, beste asko ni hiltzen uzten ari zareten arren, orain bizirik nago eta itxaron behar zenukete pixka bat gehiago. Barkatuko didazue pluraleko bigarren pertsonan hitz egiten badizuet, zuei, akaso singularki, zu ez zara horrelakoa; baina sentitzen dut, zu ere pluralaren konplize zara.

Gaurkoarekin kontzientzia lasaitu nahi duzue ezta? Gaurkoarekin, urteetan eragin didazuen minarekin, egunero sortzen didazuen bizi ezinarekin zerikusirik ez duzuela sentitu nahi duzue ezta? Ez duzue ba pentsatuko engainatuko nauzuenik? Gainontzekoak agian bai, gainontzekoak engainatuko dituzue argazkian azaltzen, mikrofonoetatik maitasun deklarazioak egiten, nire aldeko kanpainak abiatzen eta nire izendun kamisetak jartzen. Baina ni ez.

Izan nuen garai esperantzatsu bat, baina aspaldi. Sinesten nuen konturatuko zinetela ni gabe ezin duzuela, ni gabe ez zaretela. Baina traizionatu egin ninduzuen. Eta gaur, urte guztian itsuarena egin nahiago duzuenak, bazter batean ezkutatzen nauzuenak, txakurtxoa kaletik bezala paseatu nahi nauzue, paparra tente.

Ezin banauzue egunero maitatu, ez iezadazue egun bakarreko oparirik egin. Ez bazaudete nigatik egunero borratzeko prest, ez itzazue armak egun bakarrerako hartu. Ni hiltzen uzteko erabakia hartu baduzue, gutxienez utzi iezadazue duintasunez hiltzen.

Bizkotxo goxo-goxo bat prestatuko zenidaten, baina ez piztu kandelarik, arren. Ez daukagu eta zer ospaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.