Kode etikoa, erantzukizun demokratikoa, gardentasun eskrupulusoa. Elkarri tartea eman ezinik, kementsu eta oparo ari dira, hitz gizenen eta ideia flakoen ohiko bidetik: ziztu bizian trukatuz izenak eta adjektiboak, orain gardentasuna da etikoa, erantzukizuna eskrupulosoa, kodea demokratikoa. Buruak pareta jo edo paretak burua, biak joa. Alegia: zapatu irregularra izateko, larunbata erdipurdi dabilela.
Baina iritsi da iragarkien tartea. Hedabideak ez izan nonbait iragarki askorik, eta aspaldi entzun gabeko kanta bat programatu dute. Mary Poppins ari da kantari: «Superkalifragilistikospiralidoso! Leloa iruditzen bazaizu ere inozoa, ozen esanda baietz laster izan arrakasta osoa».
Kantua programatu duenak ez zuen asmo hori izango, baina tertuliaren muina laburbildu du: hitz itsusiena ere potolo-potolo eta sarri esaten baduzu, mingaina traje jantzian bazenu bezala, laster zaitugu tertuliano aparta.

HITZ BESTE
Larunbat erdipurdi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu