Ostegunaz geroztik, Europako Batasunak lau gobernu independentista ditu, beren barnean estatu berriak sortzearen aldekoak. Eskozia, Flandria, Katalunia eta Korsikako eskualde gobernuetan agintean diren alderdiek luze gabeko independentzia defendatzen dute, edo, bestela, azken helburu gisa dute independentzia lortzea eta errepublika propioa eratzea.
Gainera, lau kasuak oraintsuko fenomeno politikoak dira. Eskozian, 2007tik agintzen du SNPk. Flandrian, NV-Ak iaztik agintzen du gobernuan. Kataluniako independentismoak, gehienez ere, hiru urte ditu, eta Korsikan aurreko astekoa da subiranisten eta independentisten frontearen garaipena. Argi dago herrialde horietako nazio aldarrikapenak aspaldikoak direla, eta nazionalismo politikoa ez dutela oraintsuko asmakizuna. Baina bada berria hartu duten adierazpen zehatza eta boterera iristeko izan duten modua.
Lau kasuak ezberdinak dira, bai; baita ideologikoki ere. Baina lau kasuak aldi berean izateak berak ere erakusten du zerbait oso sakona ari dela gertatzen: Europako Batasunak duen krisi sakonaren erantzuna izan liteke.
Eta fokua zabaltzen badugu, erreakzio hori argiagoa izan daiteke; izan ere, nahiz eta orain ez piztu independentziarako konpromisoa, argi dago zuen bi gobernuetan eta nire herrialdeko bi gobernuetan subiranistek presentzia nabarmena dutela. Batasuneko beste lurralde batzuetan ere halakoxea da mugimendu subiranista eta independentistek duten pisua, Irlanda iparraldean eta Galesen, adibidez, eta Tirol hegoaldean eta Galizian.
Fenomeno hori, dena dela, oso interesgarria da, eta pentsatzen dut, gainera, Euskal Herrian Korsikaren kasua dela bereziki interesgarria. Ezta?

ENBAXADA BILA
Lau nazio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu