Zaldunetako batek gora begiratu du, goikoek zer esango. Besteak burua makurtuko omen du, behekoei entzuteko. Hirugarrenak bere burua ederresten segitzen du nispilu batean. Laugarrena eszenatokitik irten eta ezkutatu egin da. Horra laburbilduta politika egiteko lau eredu: Sánchezek bere goikoen esana errespetatuko omen du. Iglesiasek behekoen erabakia betetzeko asmoa aipatu du. Riverak nispiluaren aurrean segitzen du.Rajoyk Ebanjelioko pasarte beti bera irakurtzen du bere baitara bilduta eta Jesusen ereduaren hausnarrean: «Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago, berriro ikusiko nauzue».
Espainiako iritzi publikoa kezkatuta omen dago, Apokalipsiako lau zaldunek ez ote duten kaosa ekarriko. Gurean, aldiz, izango da Lauaxetaren «lau zaldun datorz España'tik» leloa gogoratuko duenik, baina Egañaren bertso-erremate batekin geratzen naiz ni: lau zaldunok «astoak izan nahi lukete ta ia-ia lortu dute».

HITZ BESTE
Lau zaldunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu