martxelo otamendi

LGTBIQ+ eskubideak ere arriskuan

2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kontraesan bat gertatzen ari da azken urteotan LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen garapenarekin, oraintsu arte zokoratuta egon diren beste kolektiboenekin gertatzen ari den bezala.

Urte askoko borrokaren ondoren eta ederki sufrituta, lortu du kolektibo horrek aitortza eta errespetua munduko herrialde aunitzetan; ez guztietan, ordea, milioika baitira oraindik herrialde askotan gizartearen zati handi baten bazterketa eta estatu aparatuen errepresioa jasaten dituzten herritarrak.

Non dago kontraesana? Kolektiboen eskubideekin bat egitea asko kosta zitzaien erakunde publiko asko gaur egun arazorik gabe agertzen dira kolektiboen eskutik lanean, ez denak baina seriotasun berarekin. Eta zer gertatzen da biharko herritarrekin? Inkesta soziopolitikoek etorkizun zaila proiektatzen digute, handitzen ari baita, eskoletan egindako lana gorabehera, gutxiengoen aurkako jarrera daukaten gazteen ehunekoa. Alegia, lortutako eskubideak, osorik edo erdizka, arriskuan daudela, eta ezer ez dela betirako.

Ospakizuna —lortutakoagatik— eta borroka eguna —falta denagatik— da gaur, E-28a. Ospa dezagun, beraz, baina eduki ditzagun gogoan gure egoera hobetzeko lanean behinola zigorra pairatu zutenak, eta, bereziki, beren herrialdeetan onartuak izateko ahaleginean oraindik bizitza arriskuan daukatenak.

Ez gaitzala itsutu ospakizunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.