Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Liburuak lohitu

2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Duela zenbait urte adiskide batek irakurketarekin zeukan arazo bat komentatu zidan: liburuen orrialde bakoitza birritan irakurtzeko behar menderaezina sentitzen zuen, leitu berri duena erraz ahaztearen beldurrez. Jakina, premia horrek irakurketa-denbora bikoiztu egiten zion eta esperientzia osoa desatsegin samar bilakatu. Garai hartan ez nekien lagun aztoratuari zein konponbide aholkatu, baina orain argi baino argiago daukat: azpimarratu, azpimarratu, azpimarratu.

Urte luzez sineskeria txatxu baten menpe bizi izan naiz, neure burua Alexandriako Liburutegiarekin eta monasterio karolingioekin lotzen zuen kate luze baten azken mailaren gisa ikusten nuen, konbentzituta nengoen etxean sartzen zen ale bakoitza inkunablea balitz bezala babestu behar nuela etorkizuneko jendeak egunen batean atseginez irakur zezan.

Akabo komeriak. Orain, gustuko ditudan liburuen orrialdeek ostadarraren bandera ematen dute azpimarragailuen eraginez. Nirea konbertitu berriaren sugarra da. Jende zuhurragoak arkatzez azpimarratzen duela komentatu didate, baina izan gaitezen zintzoak: serio irudikatzen dute beren burua —edo irakurle berri bat— gero orrialdez orrialde markatutako guztia ezabatzen? Ez. Behin hasita, ni esperientzia ehuneko ehunean gozatzearen aldekoa naiz.

Nire inflexio puntua ustekabean etorri zitzaidan. Internet barna noraezean nenbilela, liburu ireki baten argazkia topatu nuenean: XX. mendeko idazle ospetsu baten liburutegitik hartutako klasiko zahar baten alea zen eta ikusgai zeuden bi orrialdeak goitik behera errotuladorez koloreztatuta zituen. Klasiko hura zehatz-mehatz aztertu nahian, idazleak testu osoa kolorez desmuntatu zuen solasaldiak, deskribapenak, ekintzak eta beste bereizteko.

Orduan zera pentsatu nuen: idazle batek, liburuei zien begiramendu osoaz, hori egiteko lizentzia hartzen bazuen, zergatik ez nik? Testuak azpimarratzearen bidez irakurketa sakonagorik egiteko gai ote nintzen argitu nahi nuen, baita leitutakoa errazago berreskuratzeko aukera edukiko ote nuen ere. Finean, liburuak lanabes gisa ikusten hasi nintzen, eta ez erlikia gisa —behintzat aparteko balio estetikorik gabeko aleak—.

Badakit konklusio horretara irakurle askoren atzetik berandu iritsi naizela, baina aldi berean ondo dakit beste askorentzat beren baitako liburuzain zorrotza isiltzea izugarri zaila izan daitekeela. Horrexegatik exhortazio hau. Liburuak etorriko direnei orbangabe uztea besteen lana izan dadila, ez gurea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.