Galiziakoa da kondaira. Ourenseko hegoaldeko haran batekoa. Ez Portugal ez Espainia ez zen garai hartan, mugarri ibaiak izango ziren askotan. 137 urte Kristo aurretik, erromatarrak penintsula osoa bereganatu nahian zebiltzan. Han omen zihoazen Erromako gudarosteak hegoaldetik iparralderantz mendi kaskoak aisa gaindituz eta herri koxkorretako biztanleak menpean hartuz. Otsoen ulu sarriek ere ez zituzten ikaratzen, hain ziren borrokan zailduak. Harik eta ibai baten ertzera heldu ziren arte. Bazen Erroman kondaira bitxi bat Lethes ibaiaren ingurukoa, eta Galizian ere antzeko batekin egin zuten topo. Ibai hura gurutzatzera ausartzen zenak memoria galtzen omen zuen total.
Limia du ibaiak izena. El río del olvido deitu zioten oso gerora espainiarrek. O rio de Esquecemento deitzen diote oraindik ere bertako biztanle askok. Guk, Ahanzturaren ibaia edo deituko genioke. Kondairak dio legio hartako gudariek atzera egin zutela ibai ertzera iristean, Limia gurutzatuz gero burua galtzearen beldur baitziren. Décimo Junio Bruto zen gudarostearen buru, eta bere gizonena siniskeria hutsa zela frogatzeko, berak bakar-bakarrik gurutzatu zuen ibaia. Arro batean abiatu bere orduko armadura burdinazko zamatsuekin, eta nekez iritsiko zen bestera. Baina beste aldera heltzean, banan-banan izendatuz egin zien dei mutilei. Gudariek, nagusiak memoriari gogor eusten ziola jabetzean, segitu egin zioten, eta konkistari ekin indarberriturik. (Askotan pentsatu izan dut buruan konkista duenak benetan memoria galarazten duen ibairen bat zeharkatu behar lukeela zertan ari zen ahazteko ere).
Aspalditxo idatzi zuen norbaitek ez garela garena, gogoratzen duguna baizik. Memoriaren sona gainbehera joana zen azken berrogei bat urtean, irakaskuntzan egindako urratsen ondorioz. Gu ere «gauzak ulertu egin behar dira, eta ez buruz errepikatu loritoen gisan» goiburupean haziak gara zorionez. Baina hori memoriarekiko ikuspegi bat zen. Bakarra eta murriztailea. Gerora etorri da memoria aldarrikatzeko moduko bestelakorik ere. Orain, memoria irudimenaren oinarrizko tresnatzat ere jotzen da, inork ez baitu ezer hutsetik sortzen, bizipenen berrirakurketa interesatu batetik baizik. Memoria sortzailea ere bada, beraz.
Eta memoria historikotzat jo den horrek ere indar hartu du, zauriak, ondo itxi ezean, zornetzera jotzen baitu, eta ez baitu sosegurik zauriak sendatu gabeko hark, eta ez baita justiziarik sekula, min eman izana norbaitek onartzen ez badu. Horregatik da garrantzitsua gerra zibil garaiko gorpu desagerrarazitako haien nondik norakoak ikertzea. Eta gerora izan diren biktimekiko ere jarrera bertsua behar genuke: gogora ekarri, izendatu banan-banan, ibaiaren beste aldera iristeko zortea izan dugunok.
Ume jaioberria hiltzat eman eta urte mordo batean pena hori barruan mamitu eta mamutu duenak ere memoria du maitasunaren euskarri. Gogoan du ze ordutan jaio zen; gogoan, zenbateko pisua zekarren; gogoan, haren aurpegiera ikusteko zoria izan zuen une laburra. Ez du inoiz burutik kendu han zerbait gertatu zen susmo mingarria. Eta orain, hobiak zabaltzen hasi direnean eta hutsik agertu, lehen barruan bilatzen zuen hura kanpoan bilatzen hasteko nahia sentitu du. Ume horiek ere—eta euren gurasoak— izendatu behar genituzke, banan-banan. Haiek euren amei kendu eta beste batzuri saltzen aritu zirenek, berriz, ez dute izenik.
Laurden bat euskalduna, erdia galiziarra eta osoki espainiarra zen hark bazuen izena: Manuel Fraga Iribarne. Décimo Bruto erromatarrarekiko traza ez zuen izenean bakarrik. Bruto Limiako urak zeharkatzen bezala ikusi ahal izan genuen Fraga Palomaresko hondartzara joan eta uretan sartuz. Brutok bere legioko gizonei memoria ez zuela galdu frogatu nahi izan zien. Fragak munduari ur haiek ez zeudela isuri erradioaktiboz kutsatuak. Hil da ohean, eta horrek bai ez daukala atzerabueltarik. Hobe zukeen Manuelek ere itsasoa ahaztu eta Limiako uretan sartu izan balitz. Memoria galdu ez, eta izenak esaten hasi, bananbanan. Bere agintepean atxilotutako, torturatutako eta hildakoen izenak.
Plazatik
Limia ibaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu