oihana arana
MELE

Loredun alkandora

2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezinezkoa da gauza guztiei buruzko iritzi sakon eta kontrastatua izatea; gai guztiei buruz argudiatzen jakitea. Are, ezinezkoa da gai guztiek interesa piztea. Halere, ohikoa izaten da ez dakigunari buruz kalakan aritzea, aho handi-handiarekin, eta gero, apur bat pentsatu eta ai, damua. Eta jo, ez zait interesatzen baina jakin beharko nuke... eta beste harritxo bat poltsikora.

Ezer baino lehen, aipatu behar da iritzi mota guztiek ez daukatela balio bera, gauza batzuei buruz iritzi ematen aritzea ez dela guztiz zilegi. Baina kasu batzuetan iritzi azalekoak aski zaizkigula gertakari batzuk deskribatzeko. Nik koadrodun alkandorak baino alkandora loredunak nahiago izatea, adibidez, iritzi bat da. Argudiorik behar ez duena, eta, eskatuz gero, esan ahalko nuke geure amonak janzten zituelako gustatzen zaizkidala eta listo. Gustuen gaineko iritziei buruz ezin daiteke, beraz, ezer esan.

Azkarregi ari naiz pentsatzen. Esan dudana ez da egia. Hitz egin daiteke gustuen gaineko iritziei buruz ere. Gustuak eraikiak dira. Geure amonak loredun alkandorak janzten zituelako gustatzen zaizkit, baina gustatzen zaizkit ondo ematen didatela esan izan didatelako, alkandorak eta loreak zer diren badakidalako, loreak ederrak direla esan didatelako eta, gainera, andre egin nindutelako eta loreak feminitatearen ikurtzat hartu izan direlako. Besteak beste.

Inguruko batek esan izan dit gustu guztien gainean ezin daitekeela analisi hau egin. Eta akaso ados egongo zarete. Zentzumenez fidatu behar garela dio, eta, gorputzari desatsegin bazaio, horrek objektiboki txar bihurtzen ei du edozein estimulu. Usainak, esaterako. Ez nago oso ados dioenarekin, baina akaso apur bat gehiago pentsatu beharko dut aho handi-handiarekin berbetan jarraitu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.