Adinak, diotenez, bista bajatzea dakar; pausoa laburtzea; zirrara urritu eta dardara ugaltzea; bizkarra konkortzea; sarriago pixalarritzea. Ahaztura dakar adinak; mamuak mamuagotzea; lehen aisa egiten zena zailtasun handiagoz burutzea; bestondoetako ajea samurtzen du eta ajea gainditzea nekezagotzen.
Baina badu adinak arestiko zerrendako ezaugarrien aldean gordina eta jasangaitza den beste bat: erantzukizuna eransten dio norbere edozein jarduerari. Jakin badakizu zeure lanean gaztetan bezain ona zarela eta eskarmentuak eman behar lizuke tenplea eta sosegua ez bazina ere izateko adina. Baina falta zaizu gaztetan edo hasiberritan oharkabean zeneukan altxor hura. Axolagabetasunak bihurtzen zintuen ausart eta ausardiak gaindiarazten unerik zailenak.
Aspaldi batean, oholtzara igotzeko zain geundela, batera eta bestera nenbilen kiroldegi bateko aldagelan, hasierako agurraren mutturren bat ekarri nahian. Ni baino hogeita bost urte zaharragoa izan arren, berdintsu zebilen Imanol Lazkano ere. Hurbildu, eta unearen lodia xaretze aldera, galdera egin nion: «Barruko zera hau ez al da joaten edadearekin?». «Joan?», erantzun zidan bare-murritxa eskainiz. «Nik uste diat gero eta handiagoa izaten dela kezka».
Geure lana ongi egitearen ardurak zapaltzen gaitu urteak aurrera joan ahala. Horregatik, gero eta gutxiago kitzikatzen naute erantzukizun postu deituriko horiek. Ez da ohorerik ez soldatarik erantzukizunaren zama berdinduko duenik. Norbereari eustea gogorra bada, lantalde baten martxa zuzentzea, erabakiak hartzea, gora-beherak kudeatzea… atzera eragiten didan zerbait iruditzen zait. Pentsa, bertsotan itxuraz egitea, ikastaroren batzuk txukun ematea eta idazten dituenak ganoraz idaztea buruhauste itzel zaion bati zer ez litzaiokeen polizia-buru izatea!
Asko idatzi da Iñigo Cabacasen erailketari buruz eta ez diot nik ezer erantsiko alderdi polizial-politikotik, besteak beste berri-paper honetan irakurri ditudan informazio, iritzi eta ikuspegiek asebete egin bainaute. Aresen begirada gogorrari zorrotz ipini dizkiot begiak ordea. Ostegun goizeko jendaurreko agerralditik hona ezin dut burutik kendu. Atzazalka egin nahi nioke han azaldu zen irudiari, barruan zer legokeen jakite aldera. Esan dezagun interes literarioa dela nirea orain. Pertsonaiaren barruko pertsona zer-nolakoa den irudikatu nahi nuke errealitatea hobeto ulertzeko.
Eta lotarako ordua aukeratu dut horretarako. Ostegun gaua. Agerraldiaren ondorengo izara arteko lehen uneak. Esan ohi da zoriontsu izateko biderik zuzenena dela norbere buruarekin ongi konpontzea, azken batean harexekin ematen baitugu bizitzako ordurik gehien. Bere buruarekin imajinatu dut Ares jauna. Bere buruarekin bakarka lotaratzeko unean. Eta ahalegindu naiz ze burutazio izan zitzakeen asmatzen.
Akaso, hondoa jota oheratuko zen. Pentsatuko zuen Pastor eta enparauei badiela inbidia pixka bat, haiek itzalean egoten asmatu baitzuten eta berak aurpegia eman behar izan baitu. Igual, haserre oheratuko zen, bere ustez zorigaiztokoa baino izan ez zen pasadizo batek hainbat urtetako karrera politikoa zapuztuko diolako. Litekeena da harro oheratu izana, Partiduari beste behin zerbitzu handia egin diolako, gomazko pilotena (ez bai eta ez ez) linboan uzten asmatu zuelako, eta sinestuna ez izan arren barkamena eskatzen jakin zuelako, beste batzuek ez bezala. Triste oheratu zen agian, Cabacasen familia eta lagunak gogoan, eta ahazteko telebista piztu zuen eta Titanic-en bertsioetako bat ikusten hasiko zen, harik eta hondoratze hark berea gogora ekarri eta katez aldatu zuen arte. Ezaxola behartu punttu batez ohera zitekeen: «es lo que hay», «nire lana da» eta antzeko esaldiak bere buruari behin eta berriz errepikatuz, azkenean sinestera iritsi arte.
Irudika ditzaket Ares horiek guztiak oherako orduan. Nekezagoa egiten zait Ares zalantzatia irudikatzea. Lorik bildu ezinik eman zuen gaua, erabakia ere ez zelako erraza. Azkenean,goizalban, pertsiana artetik lehen argi printzak sartzearekin, kafea prestatu zuen eta hondoa jota, haserre, harro, triste, ezaxola punttu batez… telefono dei bat egin eta dimititu egin zuen.
Plazatik
Lotarakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu