Andoni Egañak aurreko igandean orrialde hauetan idatzi zuen, eta ados nago: kaleko janzkera da gizarte-berdintzaile nagusietakoa. Zenbat eta gehiago ahuldu iraganeko klase sozialen janzkera-kode zurrunak, orduan eta zailagoa da begirada sinple batez hurkoak garajean zenbat auto dituen asmatzea, edo alokairuen prezioa murrizteak kezka ala lasaitua ematen dion. Udan areago, esango nuke nik: beroaren zama arintzeko grinak gure gainetik ahalik eta oihal gehien kentzera eta txankletak igerilekuetatik kanpo ere aukera bat merezi dutela kontsideratzera eramaten gaitu.
Europako bazter honetako esperientziaz hornituta, Latinoamerikako herrialde tropikal baterantz abiatu nintzenean antzeko estilo ohiturak topatzea espero nuen, baina, antza, bestelako lehentasunak zerabiltzaten bertan. Bulegoan zein aitzurretan, hainbat hobe gorputz adarretako azala erabat estaltzea lortuz gero —hanketakoa batez ere!—, dotoreziari eta besteenganako errespetuari zor zaienez. Eta, nire kanpotarraren begi baldarren arabera, dotoreziaren gailurra jaka eramatea zen, oso klima desberdin batetik kulturalki inposatutako jantzi deseroso eta funtsik gabekoa.
Orain, historia liburuetako diktadore eta autokraten irudiei begiratzean, zalantza izpirik ez daukat Errusiako tsarren moduko uniformeetan sartuta posatu bitartean berotan urtzen ari zirela guztiak. Kontsolagarri eskasa, bai, baina bada zerbait. Aire girotuaren zabalkundeaz geroztik, ordea, Europa hotzak esportatutako modari jarraitzea askoz samurragoa da lantokietan haren presentziaz gozatzeko aukera daukatenentzat. Prentsan, sare sozialetan edo laneko bidean beste latitude bati dagokion arropa janztea estatus sinbolo argia da.
Bitartean, iparralderantz 3.800 km-ra dagoen Ipar Dakotan, negu betean espaloian elurra andanaka pilatzen da, arkeologoen makila zuri-gorri baten beharra legoke haren geruza desberdinen sakonera markatzeko. Laguna izan dut bertan lan kontuetan, multinazional arrakastatsu baten egoitza bisitatzen. Bulego barruan, erabili eta botatzeko plastikozko edalontzi eta platerak bakarrik kafetegian eta, noski, langile guzti-guztiak mahuka motzetan. Guatemalako hondartzetan baleude bezala lantokiko berogailuaren ahalegin titanikoari esker. Ahal dutelako.
Aldaketa klimatikorik? Bai, eskerrik asko. Termostatoaren bidez neure gustura doitu ahal badut, jakina.

EGUZKI EPELEAN
Mahukaren luzera estatus adierazle gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak