Oier Aranzabal.
ELE

Malkorik gabe

2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Uda amaiera berez da garai mingotsa. Baina are gehiago mingostu zait azken egunotan hedabideetako lerroburuak irakurtzean. Abuztua azkenetan dela, tipula baten geruzak bezala aletu daitezke euskararen inguruan irakurri ditugun kontu eta komeriak. Eta, negargura eragingo badizu ere, merezi du txatalez txatal gaia lerrootara ekartzea.

El Mundo egunkariko portadan, Josean Izarra kazetariak atzamar salatariaz seinalatu du Donostiako Udala, euskara suspertzeko plana dela eta ez dela. Euskara sustatzea eta gaztelania baztertzea gauza bera balira legez. Zanpatzailea eta zanpatua berdinduz. Hari beretik, Antsoainen, Nafarroako Auzitegi Gorenak UGTk Udaleko idazkari izateko C1 euskara eskakizunaren aurka jarritako helegitea aintzat hartu duela irakurri dugu. Lanposturako euskara jakiteko baldintza bertan behera utziz.

Bitartean, 300 kazetaritik gora ados jarri eta manifestu bat sinatu dute Iñigo Urkulluri sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko eskatuz, «berdintasun defizit bat zuzentzeko helburuarekin». Kazetariok prentsaurreko eta adierazpen ofizialetan jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko, alegia.

Eta segi genezake geruzaz geruza, malkorik gabe geratu arte. Argi dago euskaldun izatea kapritxo bat dela oraindik ere hainbaten begietara. Kontzesio bat, burugogorrak garelako egin zaiguna. Hitz egin ezazu euskaraz, baina, pasatu gabe, molestatu gabe.

Legearen babesa eta bermea dituen diskriminazio sistemiko batean bizi gara. Bigarren mailako herritar izatera behartuak. Eta okerrena da txiki txikitatik hainbestetan makurtzen garela egunero, ezen ohitu baikara dagoeneko konkortuta ibiltzera. Oso naturala egiten zaigu. Normaltasuna da, zaharra eta berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.