Gaur bozkatzeko eguna da Katalunian, Kontsultaren Eguna alegia, eta ez Santu Guztien eguna; baina ez da aukera txarra hildako batzuekin gogoratzeko. Horrela egin berri du bere blogean gu bion ezagun batek, bikotekide zuen Manela hil berria gogora ekarri duenean. Bizitza oso bat Katalunia aske eta berri baten alde; hizkuntza, kultura eta eskubide politikoak erreibindikazio batean bildu zituen, eta haien alde egin zuen nekeari bizkarra emanez, gaixotasun batek oraindik adin ertainean zegoela eraman zuen arte. Testu maitagarria idatzi du gure lagunak.
Manela asko egon dira gure herrietan, inork eskerrak eman zain egon gabe lan handia egindakoak; errepresioa latzaren eraginez arrisku handiak (kolpeak, isunak, espetxea, kanporatzea..) hartzen ziren garaian, bai eta instituzionalizazioaren aroan ere. Arlo guztietan, baina gaur nazionala gogoratzea dagokigu: hizkuntza, lurraldetasuna, kultura, produkzioa, politikoa… Eta, zoritxarrez, ezin hunkituko dira gaurko ilara luzeak ikustean.
Beste eskubideekin gertatzen den bezala (langileenekin, emakumeenekin…), komeni da gogoratzea urteetan, egoerarik zailenean, ulertu ezinaren erdian eta askotan gutxiengoan, burua makurtu gabe gu guztion eskubideen alde borroka eta lana egin zuten belaunaldiak. Haien ahaleginik gabe, langileok ez genuke edukiko orain atseden egunik, emakumeek ez lukete bozkatuko…
Manela bat baino gehiago ezagutzen ditugu guk denok. Ez da gogorapen ariketa txarra, gaur bozkalekura abiatzeko orduan, Manela irudizko bati eskua heldu, eta harekin batera joatea boza ematera, Manela horiek guztiek urteetan egindako lanaren gorazarre.
Esku batekin Manela bat, eta bestearekin har ezazue —lagun katalanok— euskaldun bana, gurean erabaki sendoak hartu ezean hori izango delako horrelako bozketa batean parte hartzeko edukiko dugun era bakarra: zuei eskutik helduta joatea.

ENBAXADA BILA
Manelaren eta askoren izenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu