Marmar bat baino gehiago

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zurrumurruak entzuten hasiak ziren 2007an. Jada, zazpi urte pasatu dira. Garai hartan, Espainiako presidente zen Zapatero jaunak ez zuen nahi krisi hitza aipatzerik, baina, zoritxarrez, jakin badakigu gauzak ez direla desagertzen haren izena ez esateagatik eta erabiltzeagatik. Gaur, 2014. urte honetan, Euskalerrian eta mundu zabalean, hainbat eta hainbat pertsonak bere etorkizuna kolokan ikusten dute.

Krisiaren hasieran bankuak eta haren gehiegikeriak egon arren, ondoren langabezia etorri zen; hasieran, gizonezko langileak lana galtzen hasi ziren, eraikuntza arloko krisiaren ondorioz, eta jarraian, emakumeak. Emakumea beti izan da behartsuen irudi. Baina krisi urte hauek badute bere berezitasuna gai honetan: etorkinen egoera. Beste modu baten esanda, haien artean, gure herrialdeetan, pobrezia bost aldiz handiagoa da. Horregatik esan dezakegu egun, bakarrik dagoen emakume bat, seme-alabekin, ikasketa gutxikoa eta etorkina, hori da pobreziaren aurpegia.

Hori esan ondoren, eta idazki honekin jarraitzeko, hiru bide edo jarrera aukitzen ditut egoera honi aurre egiteko. Lehen jarrera, zein gaizki gauden! azpimarratzen duena; gure eskubideak nola suntsitzen ari diren, nola murrizten diren lan baldintzak, konta dezaket istorio baten bat injustiziak azpimarratzeko… Biktimaren ikuspegia eta erreakzioa .

Bigarren bide edo jarrera erantzukizunaren ildotik doa. Banketxeak, politikariak, sindikalistak… korrupzio edo ustelkeria-delituak besterik ez daude gure gizartean eta, azken boladan bultzatutako arrazoia eta eztabaida: guztiaren errudunak immigranteak direla, horiek gelditzen direlako laguntza guztiekin.

Badago oraindik hirugarren bide bat oso gutxi aipatzen dena. Krisi honetan, batzuek, eta ez bakarrik oso aberatsak direnek, egoera hobetu egin dute beren diru iturriak ez direlako jaitsi. Horiek une eta aukera aprobetxagarriez hitz egiten dute… inbertsioak egiteko… Brometan nabilela? Mesedez, begiratu zer-nolako mugimenduak izan diren azkeneko hilabete hauetan poltsa finantzarioetan, etxegabetzeetako etxebizitzen erosketatan ...

Bide horiek guztiak ilunak, baina, beste guztiei errua bota eta erantzukizuna eskarazteko baliagarriak izango direnak maiz. Bestalde, errealitatea ikuspegi bakar batetik aztertzeaz gain, eta denak egiaren zati baten adierazle direla kontuan izan arren, krisiaren garai hauetan elkartasunak, adiskidetzeak, proposamenak, laguntzak, besarkadak… izan dute eta dute bere lekua. Beraz, badago itxaropen kronika garrantsitsu bat ere.

Itxaropentsu naiz boluntariotzak, ekintza sozialak, elkartasunaren espresioak nola hazi eta garatzen diren gure artean ikusten eta bizitzen dudanean. Batzuetan bihotz handi eta buru gutxiarekin, baina, hala ere, horiek ere gizakiak daukan onenetakotik jaioak. Gure gizartean askorentzat besteen sufrimendua garaitzea garrantzitsua da. Lekukoa, ondokoa, pertsona hori ez da estatistiketan azaltzen den zenbaki bat, gizaki bat baizik, bere ilusioekin, bere gogoekin, bere nahiekin… bere proiektuekin, eta hori bultzatzeak, horretan laguntzeak itxaropenari ateak irekitzen dizkio. Badakit gure artean langabezia %16 dela, eta Andaluzian, %30 tik gora. Badakit eskubideak zaindu behar ditudala. Badakit, gainera, denak —hemengoak eta kanpotik etorri direnak— gizakiak garela eta duintasun berbera dugula. Gauza horiek guztiak badakizkit, baina badakit nik neuk ez badut ezer egiten gizarte duina, justua, librea, eskubideetan garatuago bat lortzeko, eta protestatzeko eskubidea erabili besterik ez badut egiten, argi daukat azken finean airean entzuten den marmar bat baino gehiago ez dela izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.