Medikuntza euskaraz, denen ardura

2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
UPV/EHUko Euskararen II Plan Gidariko helburua da 2017ko abendurako gradu guztietako enborreko eta nahitaezko kredituak euskaraz eskaintzea. Helburu hori lortzeko, %20 inguru falta zaigu, eta, osorik euskaraz ikasi ezin diren gradu gehienetan, enborreko irakasgai bakarra gelditzen da euskalduntzeko. Graduetako ikasketa planetan gaztelaniaz eskaintzen ditugun 240.000 eskola-orduetatik 200.000 inguru ematen dira euskaraz, eta medikuntza graduko lehenengo hiru urteak osorik euskaraz ikas daitezke Bizkaiko Campusean. Leioatik bigarren zikloa egitera Donostia (%75 euskaraz), Gurutzeta (%55 euskaraz), Basurto (%70 euskaraz) edo Arabako (%0 euskaraz) unibertsitate-ospitaletara joaten dira ikasleak, eta orduan aurkitzen dirazenbait irakasgai gaztelaniaz ikasi beharrean. Edonola ere, aipatu beharradago, 2014-2015eko ikasturtetik2015-2016kora bigarren zikloko bederatzi irakasgaitan gai gehiago euskaraz irakasten direla, eta bi irakasgai berri osorik euskaraz.

Beste ikasketekin alderatuz, ondoren aipatzen ditudan arrazoiengatik, ospitaleetako euskarazko irakas-eskaintzak nahitaez azterketa berezitua eta dedikazio eta elkarlan handiagoa behar ditu. Kontuan izan behar dugu lehenbizi Osakidetzako langileak direla UPV/EHUk irakasle gisa kontratatzen dituen medikuak. UPV/EHUko irakasle diren Osakidetzako ospitale zerbitzuetako medikuen artean, 314 elebakarrak eta 143 elebidunak dira. Lehiaketara ateratzen ditugun irakasle plazak espezialitate jakin batera mugatuta daude. Irakasgai bat emateko, mediku espezialista ezberdinak behar dira. Gehiago baloratu behar da praktika klinikoetan kolaboratzen duten eta irakasle ez diren mediku instruktoreen lana. Praktika klinikoen izaeragatik, ikasleak talde oso txikietan banatu behar dira, eta, praktika horietan, pazientea da ardatza, eta pazienteari dagokioerabili beharreko hizkuntzaerabakitzea.

Kudeatu beharreko elementu horiek guztiak hartu behar ditugun kontuan etorkizuneko plangintzak zehazteko. Ildo horretan, goraipatu nahiko nuke konponbideak bilatu eta aurrerapausoak emateko Osakidetzako hainbat zuzendaritzak erakutsitako konpromisoa.2016ko apirilean, Osakidetza eta UPV/EHUko ordezkariez osatutako bitariko batzordeak ospitaleetako euskarazko eskaintza osoa helburu duen lantaldea eratu zuen, eta, lantalde horretan, 2016-2017ko ikasturteari begira, hainbat neurri eta proposamen adostu ditugu. Horien artean, deialdira ateratzen ditugun plaza elebidunak hutsik ez gelditzeko neurriak eta euskarazko eskaintza handitzea ahalbidetuko luketen hitzarmena aldatzeko proposamenak azpimarratuko nituzke.

Medikuntza gradua euskaraz ikastea ikasleen eskubidea da, eta gure erantzukizuna, epe laburrean, hori bermatzeko ilusioz eta gogoz lan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.