andoni egana
Plazatik

Mende erdia

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Mende erdia atzera egin dut aste honetan hiru-lau aldiz. Goxo eman genuen joan zen igandeko eguartea Maialen Lujanbio eta biok Aieten. Auzotarrak Santa Krutz jaiak indarberritze ahaleginetan dabiltza eta lagun izan genituen Udal Txistulari banda eta kantu-jirako kideak auzoan egindako bira batean. Noiz zaharberrituko dagoen Munto baserrian ekin genion eta Aieteko palazioan amaitu. Eta Aieteko Palazioan, derrigor iristen zaizu Francoren oihartzuna. Dena de rigor zen garaietara ihes egiten dizu irudimenak eta ikusten duzu diktadorea Aieteko belardietan, bere Azor itsasontzian arrantzara irteteko prestatzen. Eta ikusten dituzu begirada beldurtiak, gorrotoa ezin ezkutatu duten begiradak, baina aldi berean txalo eta eupatekoak ere entzuten, den-denak ez baitzituen aurkakoak hark ere. Orain, Bakearen Etxe da Aieteko Palazioa, eta kultur etxe bat eraiki dute belardietan, paisajean ongi txertatua zegoela iruditu zitzaidana.

Donostian bertan, Zinemaldiko harrera afarian ere, aspaldiko kontuak izan ziren aipagai. Zuzendariak gogora ekarri zigun, ez hain aspaldi ere, etiketa derrigorrezkoa zela Zinemaldiko zenbait ekitaldi eta aretotarako eta donostiar xumeek ez zutela euren burua horrelakoetan azaltzen. Are gehiago: duela mende erdi atzera, emanaldi batzuk bertan behera geratzen omen ziren, izar eta izar-ustekoek eurentzat propio antolaturiko usakume-tiraketa baterako gonbitari men egitea erabakitzean. Eta garai haietan, zezen-korridak antolatzen omen ziren Zinemaldiarekin batera eta urteren batean toriatzailerik onenari maxkorren bat emateko ideia ere burutan ibili omen zuten antolatzaileek. Orain, etiketak, glamourrak eta xarmak ez hain derrigor, donostiar eta ingurukoek badute ohitura, bederatzi egunez, zinema-aretoetara hurbiltzekoa.

Mende erdi egin behar da atzera Joxe Anjel IribarrekAthleticeko atezain estreinakoz jokatu zuenekora jotzeko ere. Debut hartatik pare bat urtera Europako txapeldun izan zen, Sobietar Batasuneko «gorri komunistak» garaituta, garaiko propaganda frankistaren hitzetan. Orain, kirol-emanaldiak euskara hutsean entzutera ohitu gara, baina ez genuke ahaztu behar duela hogeita hamar urte UZEIk egindako lanari zordun gatzaizkiola, eta zordunago Joxe Anjel Iribarri, esku irmoak izateaz gain zabalak zituela erakutsi baitzuen bere agur-ekitaldiko sosak eta pozak euskarari eskainita.

Asteak hala agintzen du eta mende erdi atzera eginda, Santiago Carrillo Parisen aurkituko genuke, iheslari eta komunista, erretzaile eta eztabadairako prest. Eta Parisen aurkituko genuke azken Argia astekarian ageri den Jon Landaburu ere, lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen semea. Ez dakit inoiz elkarrekin topo egin zuten, baina entzutekoa irudituko litzaidake bien arteko balizko elkarrizketa, komunista eta nazionalistaren semea, heldua eta gaztea, euskalduna eta espainiarra… biak Argiaren Hirian eta biak itzalgaizka, zuri-beltzeko Espainia hartatik ihes eginda. Orain, ohore handiz egin diote azken agurra Santiago Carrillori.

Aste honetan bertan ospatzen zen Zarautzen veinte de septiembre. Ia mende erdi atzera eginda, frankistek herria liberatu zuten eguneko ospakizunak datozkizu gogora, urterik urte berdintsuak, balkoietan han-hemenka piper-potoak eta Munoan sokamuturra zezenekin. Orain… Amagoia Gurrutxaga kazetariak aterako du laster argitara ospakizun haien atzean zenbateko zapalketa eta krudelkeria zegoen.

Orduko eta oraingo jarri ditut parean aste honetan halaxe egokitu zaizkidalako kontuak. Aieteko Palazioa, Donostiako Zinemaldia, Joxe Anjel Iribar, Santiago Carrillo, Jon Landaburu, veinte de septiembre, Amagoia Gurrutxaga… Orduan hain gaizki geundela gogoratzeak ez du esan nahi, derrigor, orain oso ongi gaudenik. Gainera, susmoa dut, diktadorea diktadore, beldurrak beldur eta zigorrak zigor, aldekoak ere bazituela asko frankismoak hemen. Orain ez dira hain argi nabarmentzen. Baina behin azkoitiar batek egin zuen galdera datorkit burura horrelakoetan: «Haizea… Hemen ez dabilenean, non egoten da?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.