Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

M(h)ilita(h)antzia

2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Militantzia krisian dagoela esaten dut askotan, baina uste dut hilzorian dagoela. Belaunaldi arteko transmisioan huts egiten ari garela sinetsita nago. Sinetsita eta etsita. Badakit militantzia hitzaren jatorrian militaris hitza dagoela, eta soldaduekin lotura estua duela adierak. Gorroto ditut suzko armak, ez ordea borrokarako grina. Norbere idealen alde borrokatzea ezinbestekoa da lortu nahi dugun geroa eta herria eraikitzeko. Gizarte, politika, ekonomia, genero zein ingurumen gai bati buruz norbere eskaerak zabaldu, kexu agertu edo aginteak inposatutako arauen aurka zutitzea da arma eraginkorrena. Ekintzaile eta aktibista falta izugarria sumatzen dut nire inguruan. Geldi daudenak, ordea, beti ez daude isilik. Eta horrek sutu egiten nau. Liberatu gabeko zinegotzi bezala aritzea sekulako marroitzat dute ia gehienek. Protagonismo goseak eragindako hautua omen da nirea. Auzolanaz eta isileko lanari buruz gutxi dakiten seinale izango da. Politikan dagoeneko ez omen dute federik. Ez ote dakite herrigintza ere politika dela? Zergek poltsikoak ukitzen dizkietenean udaletxera mingainean eskopeta automatikoa hartuta etortzeko, ordea, arazorik ez. Dirurik eman ez eta konpromisoa eskatzen duten bi elkartetan zuzendaritzako kide naiz. Neketsua da askotan, ez dut gezurrik esango, baina erreleboa eskatzen hasten garen aldiro kalabazak jasotzen ditugu. Eta kalabaza horiek, Mari Errauskinen ipuinak bezala, ez dira zalgurdi eder bihurtzen. Zerbait gaizki egiten ari gara. Inozentetzat hartzen zaituzte boluntario lanetan ari zarenean. Grebak egitea ere alferrikakotzat dute askok. Sumisioaren artalde bihurtu gara. Gure misioa injustiziei su ematea denean. Gurasoak jarri ditugu haurrak zaintzen. Debalde noski. Pentsionistak dira, halaber, euren eskubideen alde borrokalari sutsuenak. Jubilatuak ari dira ume etorkinei eskolako lanekin euskaraz laguntzen, baita mintzalagun bezala euren denbora eskaintzen ere. Gazteak bizi egin behar du, ados, baina dena eginda ematen diegun seme-alabei irakatsi beharko diegu iraultza ez dela Tiktok ikusiz egiten, ezta? Denbora tik-tak-tik-tak aurrera doa, baina gu geldi. Lehen dena zen «ari gara», eta orain dena da «gaude». «Pringatu» deitzeari utzi eta zikindu gaitezen lokatzetan sartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.