Beste garai batzuk ziren Joaquin Sabina kantariarentzat ere: «Eta hor doa Santa Teresa/ beso ustelgabea Don Pelayori emanik/ eta hark ezin kiratsarekin...». Torquemada, El Cid, Bernabeu, Katalina Aragoikoa, Marcelinok errusiar gorriei sartu gola... Espainiako mito nazionalen lepotik espainiarrek berek ere trufa egiten zuten garaia zen. Eta buket ederrean ezin bazter uztekoa zen Santa Teresa Jesusena.
Mitoetan mito delako ibili dute, ibili dutenez, batetik bestera emakume dontsua. Orain erakutsi dute berriro jendaurrean, Salamancan, «santaren gorpu ustelgabea». Hain ustelgabea non buru-hezur hutsa baino ez duen kasik bostehun urte ondoren, mendez mende, harakin katolikoek emakumea debozioz zatikatu ostean. Izan ere, Erroman aurki daitezke haren eskuin oina eta baraila; trakea, Napolin; eskuineko lepauztaia eta atzamar bat, Bruselan; saihets bat, Lombardian; atzamar bana Parisen, Sevillan, Anberesen eta Ganten; hortz-haginak eta azkazalak Compostelan, Milanen, Mexikoko Pueblan... eta eskuin eskua Donostiako udatiarra izan dugu, berarekin eramaten baitzuen zihoan tokira zihoala Franco jeneralak, zerutik babes zezan eta fusilatze agiriak sinatzen lagundu. Hainbesteko benerazioa izan zaio, inork gutxik du orain akorduan poesia idazten zuen emakumea izan zela, noiz eta orduan.
Juliette Binochek azaldu du zoragarri, Depardieuren sexu-erasoengatiko kondenaren harira, zer agitu ohi den mitoekin: «Zine izar bat gizakia da; errege bat, presidente bat... ez dira sakratuak. Sakratua sortzen, jokatzen, zuzentzen dugun unea da. Desakralizatzen gaituztenean, orain bezala, badugu zertaz gogoeta egin pertsona batzuek berentzat hartzen duten botereaz».