ELE

Munduari su

Itzea Urkizu Arsuaga
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduari su eman eta Frantziara alde egingo dut. Hala esaten zuen ikaskide batek, egoerak gain hartzen zionean. Irribarre txikia ahoan, esaldiarekin askotan gogoratu izan naiz geroztik, bai baita munduari gure neurrietatik begiratzeko dugun berezko joeraren erakusgarri.

Egunotan, gure amak hainbeste maite dituen koilare udatiarretako turkesa kolorea dario munduari lagun askoren sare sozialetan. Albaniara joan ez denak, oinetako behatzekin ukitu ditu Kroaziako urak, edo Mexikokoak. Esmeralda kolorea ere ikusi dut mendilerro asiarretan, edo hosto idorren tonuak Afrikako sabanan.

Aitor dezadan bekaizti begiratu diedala irudi horietako gehienei; pantailaz bestalde dagoenak beti imajinatzen baitu bestea bera baino zoriontsuago, lasaiago, erlaxatuago. Baina, nirekin mahai-ingururen bat partekatu duenak ezagun izango ditu nire bidaiari sen eskasa eta nire beldurra, antipodetan ez dakit zenbat egun pasatu eta aldi berean gozatzeko. Oporretako mundua ere izan daitekeelako zerbait zuretzat, eta oso bestelako zerbait niretzat.

Zin dagit: hau ez da uda Errioxan, Islan edo Jakan pasatzeko apologia bat. Baina uste dut gogoetatu beharko genukeela exotiko izateko sortu diguten, zaigun beharraz. Zein momentutan iritsi garen beste inor ez bezala ibiltzeko presio hori sentitzera, edo normaltasunez ikustera lanik egin ez duen 20 urteko gazte batek munduaren beste alderaino joateko hegazkin bat hartu izana. Noren neurrira egin ote ditugun gure oporrak. Noizbait konturatuko ote garen, gure mundu txikietatik ihes egiteko pribilegiotik, munduari su ematen ari garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.