Gari Berasaluze.
KALAPORTUTIK

Munduko itsasoetan barrena

2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Egunero esango dizute. Nonbait zuzendari edo lehendakari izendatu dute norbait. Bilera egin dute honek eta hark. Hainbeste hazi da ekonomia. Laster dira hauteskundeak. Halako fitxatu du talde honek. Baina aldaketarik ez betiko sekuentzian. Irratian. Telebistan. Egunkarian. Politika. Jendartea. Ekonomia. Hitzontziak. Kirola. Beti berdin. Txota. Zalduna. Erregea. Gola. Tantoa. Esprinta.

Egunari, ordea, ez dio kolorea aldatzen horrelako ezerk. Benetan balio duena ez da albisteetan kabitzen. Alabaren besarkada ipuina irakurri eta loak hartu aurretik. Abesti batek ekarritako oroitzapena. Solasaldi baten konplizitatea. Irribarre batek zabaltzen duen eguzkia. Ilunabarrean itsasoaren ertzean oinutsik ibiltzea. Izoztuta zeuden lagunak taupaka sentitzea. Amelie Poulani gustatzen zitzaion hori guztia: eskua lekale artean hondoratzea, zineman atzera begiratzea eta ilunpean ikusleen aurpegiak ikustea, harriak ur gainean saltoka jartzea, eta antzekoak. Horrelakoek alaitzen dute eguna eta bizitza.

Galdetu bestela Marianne Winkler britainiarrari. Botila zahar bat aurkitu du uda honetan Amrum uharteko hondartza batean, senarrarekin Alemanianopor egunak pasatzen ari zenean. Plymoutheko Biologia Itsas Elkartearen mezua zuen barruan botilak, azalpen zehatzekin eta postal batekin, non eta noiz aurkitu duten adieraziz bueltan bidaltzeko eskaerarekin. Bikoteak postala bete, bidali, eta ez da nolanahikoa izan jaso duen erantzuna. Itsas elkarte horretako lehendakari George Parkerrek 1904. eta 1906. urteen artean itsas korronteak aztertu nahian itsasora bota zituen mila botiletako bat da. 108 urte geroago aurkitu dute.

Beti liluratu nau izarrei begiratzeak. Ikusten dugun argi tantak gure begietara heltzeko milioika urte behar dituenez, izar zehatz hori aspaldi itzalita egon daiteke, betiko, guk oraindik ikusi arren. Izarren argia bezala, 108 urte lehenago itsasora bidalitako botilak azaltzen badira, pentsa zenbat mezu egon daitekeen oraindik ozeanoetan bueltaka. Zerbait alda dezaketen zenbat hitz.

Laster irentsiko dugu mundua. Beste mende apur batzuetako kontua da. Noizbait argindarra amaituko da, sarerik gabe geratuko dira gure oinordekoak, eta betiko galduko dira gure mega eta datu guztiak. Baina munduko itsasoetan barrena iraungo dute postalek, mezuek eta maitasun adierazpenek, botiletan sartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.