Udazkenarekin batera, Mutiloako herriaren ohiko lasaitasuna eta patxada, berri latz batek astindu du. Komunikabide batera egindako prentsa ohar baten bidez, Gipuzkoako hiri hondakinen errefusa, tartean organikoa Mutiloako Lurpe zabortegira ekarriko dutela zabaldu dute. Belarrondoko itzela! Hauek ote dira ba egiteko moduak? Ez ote dugu ba beste maila bateko traturik merezi? Hauek dira geure buruari egiten dizkiogun galderak hasiera hasieratik.
Mutiloa ezagutzen ez duenarentzat, 265 biztanle dituen Goierriko herria da, Gipuzkoako barne aldean, natur-aberastasun paregabeko paisaia baten erdi-erdian kokatua, eta baserri, belardi eta basoz inguratua. Urteetako lana egin da Mutiloan ingurunea berreskuratu eta mantentzen, eta horretan jarraitu nahi da.
Gipuzkoako hiri hondakinen errefusa Mutiloara ekartzeko erabakiak ezustean harrapatu ditu Udala eta herritarrak, eta uste dugu tamaina honetako albiste batek beste maila bateko trataera eskatzen duela, aldez aurretik herriarekin hitz egin, galdetu eta kontrastatzea. Eta, batez ere, zabortegiaren erabilera handitzeko erabakiak udal mailako arauak betetzen dituen edo ez egiaztatzea gutxienez.
Horregatik, berria ezagutu eta egun berean Herri Batzarra egitea erabaki genuen, horrelako eragina duen albiste batek merezi duen trataera emanez.
Irailaren 28an, Herri Batzar jendetsua egin zen, bikaina esango nuke, ordu gutxiren buruan deialdia egin eta halako erantzuna jasotzea txalotzekoa baita. Batzarrean Udalak zuen informazio apurra herritarrekin partekatu eta herritarrengandik mezu garbia jaso zuen: «Ez dugu nahi hondakin hauek Mutiloara ekartzerik», adierazi ziguten herritarrek, oso argi.
Arrazoiak asko eman zituzten: usaina, herritarren osasunean izan dezakeen eragina, Mutiloa herriaren izena zabortegiarekin bakarrik lotzea, zabortegiaren pare-parean Mutiloa eta Ormaiztegi herriak lotzen dituen Bide Berdea eta baserriak egotea, tokiko natura eta ondarea babesteko orain arte egindako ahalegina eta egun oraindik baserritarrek eta nekazariek egiten dituzten eginahalak zapuztuta geratzeko arriskua, eta abar.
Alabaina, herritarrek adierazitakoa aintzat hartzea ez ezik, Udal honen zeregin nagusia bada herrian egiten den edozein jarduera zaintzea, legezkoa den edo ez egiaztatzea. Zeregin horixe dagokio Mutiloako Udalari kasu honetan ere.
Lurpe zabortegia kudeatzeaz arduratzen den enpresari industriako hondakin solido geldoak jaso eta isurtzeko jarduera-baimena aitortua dio Udalak. Soilik industriako hondakin solido geldoak jaso eta isurtzekoa, eta ez GHK-k Mutiloan isuri asmo dituen hondakinak jasotzekoa: etxebizitza partikular, saltoki, bulego eta zerbitzuetan sortutako hiri- edo udal-hondakinak, hildako etxeko animaliak ez ezik, bide publikoetan, berdeguneetan, aisia-eremuetan eta hondartzetan bereizketarik gabe jasotzen direnak; alegia, errefusa; hondakin geldoak eta ez-geldoak batera, eta industrialak ez direnak nolanahi ere.
Mutiloako Hiri-Planeamenduko Arau Subsidiarioetan jasota dagoenez, Lurpeko zabortegiaren lurretan hondakin industrial solido geldoak isuri daitezke; soilik horiek, eta ez besterik, ezta errefusa ere.
Gipuzkoako hondakinen errefusa Lurpeko zabortegira eramateko erabakiak udal mailako legezko-baldintzak urratzen ditu. Eta horrek herritarren kezkari, Udalari berez dagokion ardura gehitzea ekarri du. Nolanahi, Mutiloan ezin dugu ulertu gisa eta tamaina honetako erabaki bat beharrezko egiaztapenik gabe egitea, ingurumen arlokoa ez ezik, hirigintza eta udal arloko giaztapenik gabe ontzat ematea.
Mutiloako zabortegiarekin zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu