martxelo otamendi
Enbaxada bila

Nafarroako argiak

2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kronikoa da Nafarroako sozialistekin gertatzen dena —PSNz ari naiz, nahiz eta sozialista gehiago egon herrialde horretan alderdi horretatik kanpo barruan baino—, konponbiderik gabekoa, ez badute luze gabe erabaki sendo bat hartzen.

UPN gobernutik botatzeko behin eta berriro erakusten duten ezintasunaren parekoa da PSOEren agindu irmo eta estuetatik ihes egiteko daukaten menpekotasuna. Garbi geratu zen 2007ko udako krisian, NaBaik lehendakaritza hartzeko akordioa eskainita PSOEko Jose Blancoren ez onartzeko agindua onartu zutenean. Eta gutxi axola, horren ondorioz, Nafarroako hegoaldean alderdia uztea militante askok.

Non ikusi da hirugarrenak (NaBai) bigarrenari (PSN) eskaintzea gobernuaren lehendakaritza, eta muzin egitea?

Ogasuneko zuzendari ohi Idoia Nievesek egin dituen salaketa gogorren ondorioz, larri daude Barcina lehendakaria eta haren gobernua.

Ostera ere, egoera gertaberritzeko aukera asko daudenez, nafarren koloreko argiak piztu dira Madrilen. Eskertzekoa da Espainiako Barne ministroak horrelakoetan erakusten duen gardentasuna. Garbi adierazi zuen atzo zein den, Euskal Herriko auzi politikoan, Nafarroaren garrantzi politikoa, bide batez Valenciano PSOEkoa atzetik eramanez.

Nafarroako sozialistek, behingoz, sinistu egin beharko dute haien heldutasunean, nor izan nahi badute herrialde horretako politikan. UPNren lorratzetik atera eta ibilbide propioa egin, edo, azken urteotan bezala, UPNren euslea izan. PSNko idazkari nagusi Jimenezek esanda dauka hanka sartu zutela 2007ko hartan, eta horrek kalte egin ziela.

Orain dauka PSNk bere buruaren jabe dela erakusteko aukera. Eta trena ez da askotan igarotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.