Nahasmenaren zeremoniak

BERRIA.
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Ikurren Legea indargabetzeari lotutako polemika gordina eta talde ultraeskuindarren eta funtzionario publikoen biktimei eginiko omenaldiari lotutakoa: horra hor zer bide erabili dituzten berrikien UPNk eta PPk —eta PSNk, hein apalagoan— Nafarroako Gobernua higatzeko baliatzen ari diren estrategiaren barruan. Hasieran, interpretatu zen gobernua galdu izanaren ondoriozko erreakzio erraietatiko bat zela, baina, denborak aurrera egin ahala, argi geratzen ari da jazarpen eta eraiste estrategia bat dela, bi jokaleku dituena: batetik, Nafarroako Parlamentua eta Iruñeko Udala, eta, bestetik, Internet. Estrategia horren oinarrian, «kontubernioaren tesia» dago: horren arabera, Nafarroan indar sozial eta politiko batzuek bat egin dute gauzen ordena naturalaren kontra konspiratzeko —hots, Nafarroa foral eta espainolaren aurka egiteko—. Aliantza hori, hain zuzen, Foru Erkidegoaren beti-betidaniko etsaiek —eta, beraz, Mendebaldeko zibilizazioaren etsaiek— osatzen dute: euskal abertzaleek eta komunistek. Elkarrekin, ezkutuko plan bat prestatu dute, foru erkidegoko estatus politikoa eta juridikoa aldatzeko ez ezik, baita benetako nafar herriaren ohiturak arautzen dituzten printzipio etiko-moralak iraultzeko ere.Gatazkaren ardatz nagusia, auzi politikoa izan ordez, auzi moral bihurtu da. Ez da proiektu politikoen arteko gatazka bat, ez eta kudeaketa publikoa ulertzeko modu ezberdinen artekoa ere, baizik eta modu dikotomikoan ulertutako iruditerien artekoa: ona —gu— gaitzaren aurka —besteak—. Kanpainarik bortitzena, ezbairik gabe, sare sozialetan egiten ari dira, baita sortu berria den egunkari digital batean ere —Diario de Navarra-n aritutako langile batzuek sortu dute, kazetari gisa duten zorroztasunagatik ezagunak denak ere—, eta hertsiki jarraitzen diete agitproparen printzipioei, asmakerien eta faltsukerien bidez agenda politikoa markatu nahian —baita lortu ere, zenbaitetan—.

Zein da, ordea, helburu gailena? UPNri boto emaile batzuk desagertu zaizkio arrazoi biologikoak direla eta; gainera, beste sektore ez oso txiki bat abstentzionista bihurtu zaio —goi mailako ikasketak dituen jendea da, urbanita eta profesional liberal gisa aritzen dena—, eta Ciudadanos ez da gai izan haien botoa bereganatzeko. Nolanahi ere, ez dirudi zarata eta nahasmena eragiteko estrategia hori biderik eraginkorrena denik boto emaile galduak berriz erakartzeko, eta, itxura guztien arabera, batez ere Erriberan jarria dute arreta, UPNk hantxe galdu baitzuen boto gehien azken bozetan. Horretarako, betiko asmakeriak hedatzen ari dira euskararen eta euskaltasunaren inguruko beldurrarekin jolasteko: besteak beste, eremu ez-euskalduneko D ereduko aurrematrikulazioei buruzko eztabaiden bitartez. Gainera, esaten dute nahierara zuzentzen ari direla erkidego eta udal erakundeak, adiskidekeriaz eta ezin okerrago. Errealitateak bertan behera uzten du egiten duten akusazio oro, baina berdin dio. Helburu nagusia da giro ezegonkor bat sortzea, Geroa Bai, PSN eta Ahal Dugu-ren artean dabiltzan hautesleek abstentziora jo dezaten. Edonola ere, PSNren bilakaera interesgarria izango da, modu anbiguoan jokatzen ari baita gerra honetan. Nafarroako Parlamentuan, ekinaldi gehiagotan bat egin du lauko gobernuko alderdiekin, UPN-PP bikotearekin baino, eta ez da era aktiboan sartu UPNk eta PPk legebiltzarraren barruan eta kanpoan piztutako gerra identitarioetan. Iruñeko Udalean dago salbuespen bakarra: instituzio horren egunerokoan, UPN eta PSN hezur eta mami dira; beharbada, berrikuntza eta aldaketa oraindik ez direlako iritsi Iruñeko sozialisten taldera, ez eta UPNko kideen artera ere. Marmotaren eguna dirudi.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.