Elkarri begira dago bikotea. Ehun eta hirurogei urte dituzte guztira bien artean. Elkarrekin pasatakoak ere asko, ehundik gora. Bakoitzak bere urteak bizi ditu. Ohean dago andrea, eserita, eta besaulkian senarra. Azken urteetan ez dira lehen adina gustatzen elkar, baina inoiz baino gehiago maite dira agian. Ez dute uste inoiz egonarri horretatik baino gehiago maite izan dutenik. Telebista asko ikusten du gizonak, eta gero eta gutxiago ulertzen ditu gauzak. Rubialesen kasua Telecincon. Ez daki nola begiratu andreari.
Bailableak. Eskua eskatzea. Dantza gerritik helduta. Eskua sartzea. Eskua ez ateratzea. «Rubialesena sexu-erasoa da». Muxu lapurtuak. Esnaera erotizatuak. Andrearen begirada hura. «Zergatik ez deitu bortxaketa?». Burua nahasi zaio gizonari. Derrigor galdetu behar dio: «Barkatu, maitea, eta nik zu inoiz...?».
Airean gelditu da galdera, eta haize ufada batek guraso izan berri diren bizilagunen egongelara eraman du: «Barkatu, nik zu inoiz...?». Bertan ere egon nahi ez, eta harreman irekira salto egin duen bikoteari ere heldu zaio oihartzuna, larrua bigarrengoz jo duten nerabeei, dibortziatzekotan direnei, aita-alabei, irakasleak ere badu nori galdetua, militanteek, medikuek: «Barkatu, nik zuk inoiz...?».
Agian, momentu batean denok ausartu beharko ginateke aldamenekoari galdera hau egiten, eta minetik zein gordinetik bainoago, erantzukizun patxadatsutik, elkarrekin pentsatzeko borondatetik. Andrea ohetik altxatu da, kandela bat piztu du, eta aurrez aurre eserita berak ere galdetu egin dio: «Eta nik zu inoiz...?». Bakoitzak bere besaulki eta urteak bizi ditu, baina parez pare hitz egitera jartzeak lurra berdintzera egiten du.

ELE
Nik zu inoiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu