Iban Zaldua.
ELE

Noeren arka gaiztoak

2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasiak ziren lehenengo asilo-eskatzaileak iristen Portland-en ainguratutako Bibby Stockholm makro-gabarrara, legionella-agerraldi batek prozesua geratu duenean. Neurriak, Britainia Handiko errefuxiatuen krisiaren erdian, protesta ugari eragin du, gobernu tory-ak immigrazioaren aurka abiatutako politiken gogortzearen testuinguruan.

Halako bitartekoen erabilerak XVIII. mende amaierako eta XIX. mende hasierako kartzela-ontziena ekartzen du gogora: garaiko preso britainiarren populazioaren hazkunde azkarra zela-eta, zaharkituriko armadako lineako itsasontziak hondartu eta espetxe bezala erabiltzen hasi ziren. Bertako baldintzak ikaragarriak ziren: jende-pilaketa, gaixotasunak, heriotza-tasa altuak… Charles Dickens idazleak bere Itxaropen handiak nobelaren abiapuntuan kartzela-ontzi horietako bat kokatzen du, eta ez dio arbuiorik aurrezten: «Noeren arka gaizto» izendatzen du.

Kartzela-ontzien sistema 1857an abolitu zen, kritika asko jaso ondoren. Irlan, noski: inperio britainiarreko kolonietan erabiltzen jarraitu zen.

Ordea, bueltan dator ohitura, berniza emanda bada ere (orain propio eraikitako ontziak erabiltzen dira). Historia ahazteko joera ahazten ez zaigun konstante historiko bakarra balitz legez. Ez da harritzekoa: kartzela-ontzien erabilerak, espetxe konbentzionalak jadanik nahikoak ez ziren une batean, ezberdintasun sozialen hazkunde bizkor baten garaiarekin egiten du bat, Industria Iraultzarenarekin.

Gaurkoa ere halakoxea da. Niri grazia egiten didate oraingoa «Erdi Aro berri» gisa izendatzen duten pentsalariek. Argi dagoenean, paralelismo bat egotekotan, kapitalismoaren hastapeneko urteekin litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.