Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Nola aukeratu udako abestia

2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bizitzako uda bakoitzak bere soinua dauka. Lehen, kotxean irratia piztu, edo etxean telebista, edo tabernan edo gasolindegian adi egon, eta hara hor udako abestia. 2023an, mundua izate globalizatu bat denean, badirudi dena erlatibizatu dela, arrakasta ez dela jadanik kontzeptu homogeneoa. Interneten garaian, ez dago kontaketa nagusi bat, ezta diskurtso bakarra ere. Spotify edo Youtube bezalako tresnen bidez, klik batean munduan sortu den erritmo-katalogo osoa eskura daiteke. Errazagoa da, beraz, gure sentsibilitate partikularrera hobekien egokitzen den musika aurkitzea. Bitartean, geroz eta zailagoa da abesti erraldoi bat identifikatzea, edonork antzeman dezakeena. Hala ere, Interneti esker kulturaren pultsioa antzeman daiteke, zuzenean, egunero, entzunenak diren abestiek osatzen dituzten zerrendak aztertuz.

Alde batetik, musika berriena. Euskal Herrian, proposamen freskagarrienak Gatiburen EH Distopikala, N¿genen Glastonbury; EIREren Amaitu baino lehen eta Etxeperen Etxeperreo dira. Estatu mailan, Aitanaren Las Babys (1994ko Whigfielden Saturday Night abestia gaztelerara egokitzen duena, zapore centennial-a gehituz); Bad Gyalen Chulo eta Viccoren Nochentera (aurtengo Benidorm Festetik atera zena). Latinoamerikatik, Kolonbiako Karol G eta Shakiraren TGQ (reggaetoi feministaren errepresentazio popularrenetarikoa); Puerto Ricoko Bad Bunnyren Where She Goes eta Un x100to (lehenengo kanta soinu urbanoarekin jolasten da; bigarrena, folklorearekin); eta, ozeanoaren bi aldeak uztartuz, Rosalia (Katalunia) eta Rauw Alejandroren (Puerto Rico) Beso, hilabete batzuk eta gero berriz ere zerrendetan gora egin duena, bikotearen haustura eta gero. Mundu anglosaxoitik, Miley Cyrusen Flowers, Dua Liparen Dance The Night eta Nicki Minaj eta Ice Spiceren Barbie World. Azken biak Barbie filmaren soinu-bandan agertzen dira; Greta Gerwigen zinema-fenomeno arrosak musika ere bere gain hartu du.

Abesti hauetatik, gehienak ahanzturaren zingira honetan ito egingo dira, Berri Txarrak-ek esaten zuen bezala. Zeintzuk izango dira luzaroan iraungo dutenak, hemendik hogei urtera jendeak gogoratuko dituenak, irribarre batez? Ez dago modurik jakiteko. Denboraren atean zirrikitu bat egongo balitz, zelatan egotea gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.