Norantz doa kirol jarduera?

BERRIA.
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urtea hasi berria dugula eta, une egokia izan daiteke hau kirolak bizi duen errealitateari eta egoerari gain begirada bat botatzeko eta aurrean dituen zenbait erronkaren inguruan hausnarketa egiteko.

Hamarkada batzuk badaramatzagu entzunaz «kirol federatua krisian dagoela»; izan ere, egungo gazteak ez daude prest asteko hainbat egunetako agenda lotzera entrenamenduetarako ordutegi finkoekin eta asteburuetako partidetakoekin. Ez dute konpromisorik nahi, ezta asteburuetako parrandak mugatuko dizkien baldintzatzailerik ere. Nahiago dute beren kabuz, ondo datorkienean, gogoa eta aldartea badute momentuan bertan erabaki zer, noiz eta nola egin bakarka joanda; besteen menpe egon izan behar gabe.

Zerbait egin edo ez, pauso hori eman ala ez, erabakitzeko garaian jarduera horrek ekarriko ligukeen nekea (esfortzua) eta ondoren emango ligukeen onura eta satisfazioa aintzakotzat hartzen dira. Besteen alde lan egitea, auzolana, elkarlana eta gisako balioak badirudi ez daudela sasoirik onenean.

Ondorioz, ibilbide eta historia luzeko hainbat kirol elkartek arazoak dituzte beren senior mailako errendimenduko taldeak osatzeko. Hainbat urtetan harrobiko gazteak prestatzen aritu ondoren, haiek adinez beren ibilbideko maila gorenera iristen direnean, intentsitate horretako lehia albo batera uztea erabakitzen baitute, konpromiso gutxiago eskatzen duten aisialdiko jardueren aldeko apustua eginaz. Erosotasunean, sakrifizioaren kulturatik urrun hazitako gazteen belaunaldiak horrelako egoerak sortzen ari dira, zenbait kasutan hainbat kirol elkarte inguruko herrietakoekin elkartzera behartuz taldea osatuko badute.

Ohituren aldaketa honek banakako kiroletan ere badu bere isla eta ondorioa. Hainbat herri probatan, konpromiso eta lotura zurrunik gabe jendea bere kabuz entrena daitekeenetan beterano edo helduen mailako partaide kopuru itzelak biltzen dira. Horren lekuko ditugu, besteak beste, Behobia-Donostia lasterketa edo Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldia. Baina, kontraesana badirudi ere, kirol modalitate horietan senior mailako errendimenduko lehiaketetan fitxa kopurua asko jaitsi da azkenaldian.

Ildo honetan, nabarmendu beharko litzateke gure eskola kiroleko eredu bereziaz harro egoteko motiboak baditugula, aldi berean banakako eta taldeko kirolak praktikatzeko aukera eskaintzen duelako, bai errendimenduko kirola bai aisialdikoa era orekatuan uztartzen dituelako, gerora bizi estilo aktiboa bereganatzeko lanabes baliagarria dela frogatua duelako. Kontuan izan behar dugu helduaroan banakako jarduera fisikoak praktikatzeko ez dela ezinbestekoa aurretik ere antolaketa berbera landu izatea. Gustukoen duten modalitatea adinari dagokion ezaugarriekin batera aldatuz joango da. Kirola egiteko ohitura bereganatzeko gozatzea, ikastea eta maiztasuna sistematizatzea izango da gakoa.

Ez dugu amaituko esanez gure garaiak hobeak izan zirela beti; baina jabetu behar gara gizakia aldatuz doala eta ohitura berrietara egokitzen asmatu behar dugula; gizarte indibidualista eta hedonista honetan kirolak zein leku izango duen argituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.