Nazionalisten lehen belaunaldiak sortu zuen: Irmandades de Falaren gerizpean sortutako belaunaldi hark, 1918an Lugoko Manifestu Nazionalista sinatu zuen hark, A Nosa Terra egunkariko orrialdeetan idatzi zuen hark, argitaletxeak sortu zituen hark, Alderdi Galegista sortu zuen hark, Galiziaren eskubideen alde eskuak zikindu zituen hark, eta 1936ko estatu kolpe faxistaren ondoren heriotza, kartzela edo erbestea sufritu behar izan zuen belaunaldi hark. Gure bigarren piztualdiaren adierazgarria izan zen: Vicente Riscok O problema político da Galiza-n pentsatu zuen hura, Ramon Vilarrek Ponte en Doutrina Nacionalista-n pentsatu zuen hura, Otero Pedraiok Os camiños da vida-n amestu zuen hura, Daniel Castelaok Sempre na Galiza-n legatu gisa utzi zigun hura, Arturo Noguerol eta Anxel Casalen gorpuetan bukatu zuen hura —faxistek erail zituzten, Ferrolgo Serantesko bide bazter batean bata eta Teoko bide bazter batean bestea—.
Katalanekin eta euskaldunekin estu-estu senidetutako galiziar haiek lortu zuten emaitza hura: 1917an Cambo beso zabalik hartu zuten haiek, gerora beteko ez ziren proiektuak adostu nahian Eli Gallastegirekin gutun trukean ibili ziren haiek, 1923an Bartzelonara joan eta ordu gaiztoan Aliantza Hirukoitza sinatu zuten haiek, 1933an Galeuzka formalizatu eta ondoren Galizian, Euskal Herrian eta Katalunian barna penintsulako herrientzako garai berri bat zetorrelako albiste ona barreiatu zuten haiek, Lluis Companysi kartzelara bisitan joan zitzaizkion haiek, Agirreren adiskidetasunari besoak zabalik ongietorri egin zioten haiek, eta Espainia faxistaren kontrako lerroetan ohorez jardun ziren haiek.
Nós aldizkaria luxua da oraindik ere Galiziarentzat. Haren orrietan bildurik daude 1936aren aurreko bi hamarkadetako galiziar intelektualik onenak, arte produkziorik biribilena, sorkuntza literarioaren onena, saiakeraren arloko nabarmengarriena, betiere Madrilgo probintziakeriatik urrundutako ikuspegi unibertsal batez eta Riscoren leloa bere eginda: «Izan ezberdin eta izan izatedun». Nós-en zenbakiak, hain zuzen, 1916ko galiziarren belaunaldi hartako erraldoiek jardun zuten Galizia haren adibide dira, eta, era berean, haren memoria faltsutzea eta haren legatua manipulatzea eragozten duten aktak dira.
Duela ehun urte, Nós aldizkaria sortu zen. Nós, gaur egun, Nós-en barruan dago.

ZUZENDARIEN GALEUSCA
'Nós' 'Nós'-en barruan dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu