Anjel Lertxundi.
Hitz beste

Nostalgia

2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hego haizeen eta eguraldi nahiko epelen ostean, euria eta hotza omen datoz. Elurrik ez. Non dira garai bateko elurrak?, galdetzen zuen François Villon-en poema ezagunak, non dira garai bateko elurrak?, galdetzen dugu ia seiehun urte geroago ere. Aldaketa klimatikoen kezkak asko izango du garai joanen nostalgiatik. Ez dakit. Melankoliak haurtzarora eramaten gaitu eskutik, elurra ari du, leihotik ikusten ditudan malutak airean eta haizearen mende dabiltza, nire begiek mundu zuri-zuri baten distira jasotzen dute oroimenean gordetzeko. Nostalgiak bere oin arrastoak utzi ditu elurretan. Eta nire memorian.

Mutil lerden beltz bat sartu da euritatik kafetegira. Artilezko galtzerdi batzuk eskaini dizkit. «Beroak dira, ukitu, ukitu!». Senegaldarra omen da. Bustita dago, sorbaldetan hondoratua dauka burua. Hotzez. Bururatu zait Senegalen ez duela elurrik egiten, ez duela nirea bezalako nostalgiarik.

Kafesne batera gonbidatu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.