Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

NYetik ez da Gipuzkoa ikusten

2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aste honetan behin baino gehiagotan galdetu didate ea urrutitik gauzak argiago ikusten diren. Askotan esan ohi baita distantziak perspektiba ematen duela. Edo, hurbilegi egonda, arbolek ez dutela basoa ikusten uzten. Baina arazoa da urrutiegi bazaude arbolak ikusi ere ez dituzula egiten.

New Yorkeko Wall kaletik, adibidez, Gipuzkoa ez da ikusi ere egiten. Horregatik, The Wall Street Journal-entzat ustekabea ez da izan Gipuzkoan ezkerreko independentistek behera egitea, baizik eta «separatistek» ordezkaritza handia lortzea erkidego osoan: «Euskal Herriko emaitzek beste buruko min bat eman diezaiokete [Raxoiri]: hamarkadak iraun duen indarkeria separatistatik errekuperatzen ari den eskualdean ordezkaritza indartsua lortu dute separatistek ustekabean». Washingtonetik begiratuta ere, basoa ikusten da, ez arbolak. The Washington Post-ek, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei buruz ezer argitaratu duten munduko hedabide guztiek bezala, abertzaleen gehiengoaren sendoa azpimarratu du. Kazetariak, gainera, Eusko Legebiltzarreko indar korrelazioen historiari erreparatu dio, eta, ondorioztatu duenez, EAJren 27ekin eta EH Bilduren 21ekin, «independentziaren aldeko» indarrek behin bakarrik izan dute gehiengo handiagoa 34 urtetako historian.

Indar abertzaleez ari bada oro har, ez da zuzena. Eusko Legebiltzarraren lehen legealdian, 1980an, EAJ, HB eta EE hiruren artean bi heren baino gehiago ziren: 25, 11 eta 6, guztira 42 baino ez, baina 60 eserlekuko parlamentua zen ordukoa. Hurrengo legealdian, ordurako 75eko ganbera, 49ra iritsi ziren; EAJk eta EH Bilduk baino bat gehiago, beraz. 1986an, EAJren zatiketaren osteko lehen bozetan, abertzaleak —orain lau alderditan banatuta—1980ko proportzioetara itzuli ziren, bi herenak gainditzean: 52, guztira.Txomin Ziluaga zen, hain zuzen, haietako bat. 1990ean, 49ra iritsi ziren lau alderdiak. Geroztik, 40 inguruan ibili da beti abertzaleen eserlekuen batura, erditik gora baina bi herenetik urruti. 2009ko emaitzak dira salbuespen, baina, besterik gabe, ez dira aintzat hartzekoak.

Baina The Washington Post «independentziaren aldeko» indarrez ari da, eta, akaso, bere kontabilitatean, EEren emaitzak ez ditu kontuan hartu. Baina, horrela zenbatuta, joan den igandekoak parerik ez luke: EErik gabe, abertzaleen gehiengoa ez da inoiz Eusko Legebiltzarrean bi herenetara hurbildu; gehienez 44, 1990ean. Beste aukera da egunkari estatubatuarrak EAJ kanpoan utzi izana konparazioa egiteko. Baina ez: HBren eta EAren ordezkaritzak batuz gero, independentistek bi aldiz gainditu dute EH Bilduk bere kasa orain jarritako marka: 1986an, 26rekin (13 gehi 13), eta 1990ean, 22rekin (13 gehi 9).

Barkatu, arbola gehiegi akaso, basoa behar bezala ikusteko. Ez da, beraz, egia «separatistek» ustekabea eman dutenik hain ordezkaritza sendoa lortuta, eta ez da zuzena esatea independentistek behin bakarrik lortu izan dutela historian oraingoa baino ordezkaritza handiagoa. Baina zenbakiek ez dute dena esaten, eta egia da independentismoak ez duela sekula halako indarrik izan euskal erdia baino gehiago hartzen duen parlamentuan. EA independentziaren aldekoa izan da beti, baina hasierako EA haren praxia autonomismoarekin zegoen lerratua. HBk, aldiz, ez zuen sinesten baskongadetako parlamentuan independentziaren aldeko lan eraginkorrik egin zitekeenik. 80etako bukaeran eta 90etako hasieran, HB eta EA bakoitza bere munduan zegoen, elkarri bizkarra emanda.

Ez zegoen horrenbeste kalkulu egin beharrik oraingoa inoiz ikusi gabea dela ondorioztatzeko. Azkenean, zehaztasun eta zorroztasun faltak gorabehera, nazioarteko prentsak arrazoi izango du: abertzaleen aspaldiko gehiengo zabalena eta independentisten indar inoiz baino handiagoa dira joan den igandeak utzi digun argazkiko osagai nagusiak. Azkenean egia izango ote da distantziatik gauzak argiago ikusten direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.