Handik eta hemendik

Obamarekin gosaritan

Imanol Murua Uria.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Euskaldunon Ameriketan izan da Barack Obama, Mendebaldean alegia, datorren urteko lehendakaritza hauteskundeei begira lanean dagoeneko. Dirua biltzen jardun du San Frantziskon eta Los Angelesen, eta aireportu ondoko enpresa batean hitzaldia emanez sartu-irten azkarra egin du gure Renon. Unibertsitateko ikasle eta irakasleak ere gonbidatu zituzten, baina Euskal Ikasketen Zentroko inori ez zaio egokitu saria.

Gonbidapen txartelik gabe inguratu denik izan da, hala ere. Batzuk, elkarretaratzea eginez: «Ireki Yucca Nevada energia parkea». Energia garbien aldeko protesta? Ez. Nevadako Yucca mendian hondakin nuklearren biltegia egitea eskatzen dute: Obamaren administrazioak geldiarazi egin zuen proiektua, baina protestariek berpiztu egin nahi dute, Nevadara lanpostuak eta dirua ekarriko lituzkeelako—hondakin erradioaktiboekin batera—. Hau Amerika da. San Frantziskon eta Los Angelesen ere izan da protestarik. Batzuek, irain moduan, «sozialista» deitu diote afixetan. Beste aldekoek agindutako aldaketak egin ez izana leporatu diote: «Aldaketak ausardia eskatzen du», dio pankartak. Lelo etsigarriagorik ere bada: «No, you can't».

Baina protesta dotoreena, eta garestiena, San Frantziskoko gosarikoa. Iturri batzuen arabera, 37.000 dolar ordaindu zuen bakoitzak —25.000 eurotik gora—. Ez ahal zen kafesnea zopekin izango. Beste iturri batzuen arabera, 5.000 besterik ez. Dena Obamaren kanpainarako. Presidente/presidentegaia hizketan ari zela, 21 lagun altxatu eta kantuan hasi ziren, Bradley Manningekin elkartasunez, Wikileaksera agiri sekretuak filtratzeaz akusatuta, Kansasko espetxe batean isolamenduan preso daukaten soldadua. Hala ere, estrofetako batean, botoa emango ziotela agindu zioten: «Begira errepublikarrei: zer beste egin dezakegu?».

Izan ere, Obamari aurre egin nahi lioketen hautagaiendantza hasia dute errepublikarrek. Izenak asko, baina zarata handiena ateratzen dutenak, bi.

Tea Partykoen artean, Michelle Bachmann nabarmendu da. Twitterren irakurria: «Bachmannek esaldi bat 'ez dakit...' esanez hasten duenean, ziurrenik egia da». Ordezkarien GanbarakoInteligentzia Batzordeko kide aukeratu zutenean, egunkarietako komikigile guztien izenean, Bizarzuriri eskerrak eman zizkion haietakobatek bere eguneroko marrazkian.

Bestea, Donald Trump, lau arrazoiengatik da ezaguna: enpresari aberatsa delako, telebistako showetan agertzeko joera duelako, Obama Estatu Batuetan jaio ote zen zalantzan jarri ohi duelako —presidente izateko baldintza da— eta munduan parekorik ez duen orrazkera duelako. Inaki Anasagastik bezala estaltzen du kopetaren gaina, baina ile urre kolorekoa bi aldeetatik ekarrizgora, sare moduko bat osatuz gainean. Umoregileak Bizarzuriri berriro eskerrak emateko moduan dira, azkenean lehendakaritzako lasterketan parte hartzen badu The Donald-ek—halaxe esaten diote, bere emazte ohi txekiarrak behin telebista saio batean, erdipurdiko ingelesean, horrela deitu zionetik—. Robin Williams aktore eta komediantea hasia da: «Obamaren jaiotza egiaztagiria ikusi nahi omen duTrumpek. Nik bere ile-lerroa non hasten den ikusi nahidut».

Erraza dute estatubatuarrek. Bertan jaio, agiria erakutsi, eta kito. Hautagai, baita orrazkera erradikalena izanda ere. Bachmann eta Trump, adibidez, suzko armak askatasunez erosteko, eramateko eta, behar denean, erabiltzeko eskubidearen aldeko sutsuak dira. Eta Obamak indarkeria erabiltzea zilegi izan daitekeela argudiatu zuen Bakearen Nobel saria eman ziotenean. Espainiako Auzitegi Goreneko Sala Bereziak harrapatuko balitu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.