Maialen Arteaga.
MELE

«Ondo» dauden «zoroak»

2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Osasun mentala indartzeko aldarriek bere tokia egin dute osasun publiko duinaren aldeko borrokan. Orain, behintzat, esan dezakegu badagoela onespen moduko bat ukaezina dena: osasun publiko duina izatea osasun mentalerako eskubidea izatetik pasatzen da.

Begiko mina duzu? Okulistarengana zoaz. Azaleko arazoak dituzu? Dermatologoarengana zoaz. Buruan korapilo askaezin bat duzu? Psikologoarengana zoaz. Psikologoarengana joatea orain ez da lau «zororen» kontua. Orain, itxuraz «ondo» dagoen laguna ere (hau da, besteen begietara «zoroa» ez dena) joan liteke ingurukoei gezurretan aritu gabe; psikologoarengana joan, barrenak hustu, ordaindu (ordaindu ahal duenak, noski) eta hurrengo arte. Batzuentzat gozagarria ere bada terapeutarekin garatzen den harreman hori (sarritan menpekotasunekoa den arren). Baina horren kontrapisuan bada hazten ari den beste fenomeno bat: osasun mentalaren indibidualizazioa edo pribatizazioa. Funtsean, «esango dizuet psikologoarengana noala baina ez naiz zuen aurrean zaurgarri azalduko». Eta horrela, ordaindu dezakeenak ordainduko du, eta berez hasi eta buka beharko lukeen prozesu batek, bizitzaren beraren forma hartuko du, zaurgarri garela onartzeko espazio seguruak behar ditugu eta.

Eta bai, osasun mentalaz mintzo gara, baina zaurgarritasunak tabua izaten jarraitzen du; izango gara zaurgarri psikologoarekin edo etxean, baina hurbileko lekukorik ez, mesedez. Agian, zorotzat ditugunak ez dira hain «zoroak», eta «ondo» gaudenak ez gaude horren ondo; eta hori ulertzen dugunean ulertuko dugu ustez «ondo» zeuden lagunak zergatik ari zaizkigun suizidatzen. Eta galdetzen digutenean, behintzat, ez dugu «ez nuke sekula imajinatuko» erantzungo, imajinatu ezin badugu, ezin izango dugulako prebenitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.